Lehenengo txakurgunea eraiki dute Gernika-Lumon
Gernika-Lumoko Udalak herriko lehen txakurgunea eraiki du Mertzede kalean; 500 metro karratu ditu guneak.
Gernika-Lumoko Udalak txakurren “bizi kalitatea hobetzeko” lehen pausu finkoa eman du. Izan ere, herriko lehenengo txakurgunea eraiki du Errenteriako Mertzede kalean. Txakurrentzako espazio berriak 500 metro karratuko espazioa izango du, eta animaliek “ingurune seguru eta atsegin batean” jolasteko diseinatuta dagoela azaldu dute.
Aisialdi eremu horrek iturri bat, eserlekuak eta argia ditu, eta udaletik nabarmendu dutenez, udal langileek eraikitako gunea da. Guztira, 9.420 euroko aurrekontua erabili da materialak, seinaleak eta jolasak jartzeko.
“Ekimenak udalak etxeko animaliekin duen konpromisoa berresten du. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako biztanleriaren % 92ak etxeko animalitzat dauka txakurra; Gernika-Lumon 800 txakur baino gehiago daude”, azaldu dute udaletik.
Txakurgunea irekitzearen arrazoia da txakurrek “gero eta espazio gehiago behar dutela”. Argitu dutenez, gune hori udalak duen plan orokorrago baten barruan kokatzen da, eta aurreratu dutenez, Santa Luzian txakurrentzako beste gune bat eraikiko dute. “Ahalegin horren bidez, txakurren beharrei erantzuteaz gain, herritarrek euren animaliekin duten bizikidetza erraztea gura dugu”.