Ibilgailu anfibio onenaren bila
Urdaibaiko Ibilgailu Anfibioen Eskolarteko Duatloiaren estreinako ekitaldia egin dute Elantxoben. Eskualdeko hezkuntza zentroek eta enpresek elkarlanean parte hartu dute, hiru probatan.
Astelehenean [ekainak 17], Elantxobek Urdaibaiko Ibilgailu Anfibioen Eskolarteko Duatloiaren lehen aldia hartu zuen. U-BAI (Urdaibaiko Garapen Ekonomikoa) planaren aterkipean egin zuten egitasmoa, eta eskualdeko lau hezkuntza zentroko ikasleek parte hartu zuten: San Fidel Ikastolak, Jesusen Bihotza Ikastetxeak, Barrutialde Institutuak eta Seber Altube Ikastolak. 16 eta 17 urte bitarteko ikasleak aritu ziren zein baino zein gehiago, bertoko enpresa banagaz batera (Maier, Echebastar, Albacora eta Egoin). Beraien egitekoa arrantza egiteko eta arrantza banatzeko ibilgailu bat sortzea izan zen.
10:00ak eta 14:00ak artean, ikasleek telegidaturiko ibilgailu proiektuak hiru mailatan aurkeztu zituzten: lehenengoa urrian abiatutako eraikuntza eta ikaskuntza prozesua plazaratzea izan zen. Bigarrena lur gainean, portuko zabalgunean, egin zuten; ibilgailu anfibioek hainbat oztopo gainditu behar izan zituzten. Hirugarren eta azken proban, itsasokoan, ibilgailuek sardinak irudikatzen zituzten ping-pong pilotak arrantzatu behar izan zituzten.
Bermeotarrak, garaile.
Lehen saria Bermeoko taldeak poltsikoratu zuen: Jesusen Bihotza Ikastetxeak eta Echebastar enpresak osatutako lantaldeak. Elantxobeko alkate Patxi Egurrolak eman zien lehen saria. Epaimahaia Busturialdeko Gazteria Teknikari Ainhoa Oarrek, Mondragon Unibertsitateko Team Coach eta Bilbao Berrikuntza Faktoriako koordinatzaile Ziortza Olanok eta, azkenik, TAZEBAEZ Kooperatibako ordezkari Iskander Alkatek osatu zuten.