Argi Baltza sariketak baditu sei finalistak
Eli Pagolak irabazi du hirugarren eta azkenenengo finalaurrekoa. Beraz, Asier Galarzak, Maddi Aiestaranek, Eli Pagolak, Gorka Pagonabarragak, Iruri Altzerreka eta Irantzu Idoatek kantatuko dute zapatuko [ekainak 22] finalean, Muxikako Urretxindorran.
Txapelketaren izenburuak kontrakoa dioen arren, Lilibertsok antolatutako Argi Baltza lehiaketak Busturialdeko txokoak argitu ditu ekainean zehar. Domekan [ekainak 16] Mendatako Zarrabenta Auzoa girotu zuten lehiaketaren hirugarren eta azkenengo finalaurrekoan. Eli Pagolak lortu zuen saioa irabaztea, eta beraz, berak lortu du Muxikako finalerako azkenengo zuzeneko sailkapen txartela.
Saio arina eta entretenigarria izan zen domekakoa, eta garaipena bereziki estu egon zen. Pagolak 186 puntu lortuta irabazi zuen saioa, eta berak baino puntu erdi gutxiago lortu zituen Iruri Altzerrekak–185,5–. Ostean sailkatu ziren Koldo Gezuraga 180,5 punturekin, Peio Molinueno 173,5 punturekin, Izaro Bilbao 171ekin eta Iker Uriarte 168 punturekin. Gezuraga muxikarra eta Uriarte bermeotarra izan ziren Lilibertsoko ordezkariak Zarrabentako saioan.
Mendata Argi Baltzaren plaza mitikoetako bat da. Aurton, baina, lekuz aldatzea erabaki dute, eta Zarrabentan ospatu da finalaurrekoetako azkena. Antolakuntzatik “zinez gustura” geratu dira plaza berriarekin: “Bertsotan egiteko toki zoragarria da. Naturaz inguratuta egon ginen domekan; gozagarria izan zen”, azaldu dute.
Herritik urruntzeko erabakia hartuta, jendea hurbilduko zenaren beldurrarekin ibili dira antolatzaileak. Bertsozaleek, baina, ezin hobeto erantzun zuten, eta txapelketako joera mantendu dela nabarmendu dute. Orotara, 30 bertsozale inguru batu ziren Zarrabentan, eta Lilibertsokoak “oso gustura” geratu ziren giroarekin.
Zapatuan, finala.
Zapatuan ospatuko da Argi Baltzaren laugarren aldiko final handia. Asier Galarza, Maddi Aiestaran, Eli Pagola, Xabat Illarregi, Gorka Pagonabarraga eta Iruri Altzerreka dira Muxikako finalerako sailkatutako bertsolariak. Ilarregik, ordea, ezingo du Muxikan egon eta Irantzu Idoatek kantatuko du bere ordez. Urretxindorran jokatuko da finala, eta Galarza muxikarra izango da Lilibertsoko ordezkari bakarra.
Lilibertsokoek “giro ederra” espero dute zapaturako. Izan ere, txapelketako bertsolari onenak batzeaz gain, Eleizaldeko Jai Batzordekoek txosna jarriko dute.