Ajangizko taberna hartzeko lizitazioa uztailaren 4ra arte dago zabalik
Tabernaren kargu egiten denak 50 euro ordaindu beharko ditu hilero, eta kontratuak lau urteko iraupena izango du.
Ajangizko Herriko Taberna hartzeko lizitazioa uztailaren 4ra arte dago zabalik. Horrela, taberna hartzeko interesatuta dutenek egun horretara arte dute Ajangizko Udalaren webgunean eskatzen diren tramiteak egiteko.
Lizitazioaren oinarriek diotenez, edonork aurkeztu ahal izango du bere hautagaitza. Horrela, hautagai guztien artean aukeratu beharko du Ajangizko Udalak. Erabaki hori hartzeko hurrengo irizpideak jarraituko dituzte: eskaintza ekonomikoa, ostalaritza arloan esperientzia, titulazioa, eta batez ere, aurkeztutako proiektuak. Gainera, “berebiziko garrantzia” izango du kalitatearen eta prezioaren arteko harremanak.
Lehiaketaren oinarriek diotenez, tabernaren arduradunek 50 euro ordaindu beharko dituzte hilabetean, eta kontratua lau urterako izango da.
Tabernaren ardura esleitzen denetik, hogei egun izango dituzte gehienez zerbitzua eskaintzen hasteko.