Lehen sektorea bultzatzeko azokak hartuko du Gautegiz Arteaga
Askotariko produktuak izango dira herrian, formatu txikiko azokan, baina esperientzia eta kalitate "handiko" ekoizleak bilduko direla diote udal arduradunek. Urtez urte hitzordu hori egun tradizional bihurtu gura dute.
Eskualdeko lehen sektorea bultzatzeko asmoz, eta bertako ekoizleei ikusgarritasuna emateko helburuz, Gautegiz Arteagako Udalak herriko azoka antolatu du zapaturako (ekainak 15), herriko parkean, 11:00etatik 15:00etara bitartean.
“Gure herria landa eremuko eskualdean dago kokatuta, eta Gautegiz Arteagan bertoko hainbat ekoizle ditugu”, azaldu du Patrik Saitua alkateak. Hala, gehitu du azoka udalak herriko, eskualdeko eta lehen sektoreagaz duten konpromisoa nabarmentzeko aukera ere izango dela.
Euskal produktuen “bikaintasuna” eta produktu bakoitzaren atzean dagoen “ahalegina” erakusteko plaza izango da zapatuko Gautegiz Arteagakoa. “Nekazaritza sektorea Euskadi osoko sektore estrategikoa da, eta guztiok lagundu behar dugu bertoko produktuak sustatzen. Erakundeek laguntzeko moduetako bat da Gautegiz Arteagarena bezalako azokak bultzatzea, eta herritarrek lagundu ahal dute horrelako ekitaldietara joan eta produktuak erosterakoan”, azaldu du alkateak.
Ondorioz, nekazal azokara hurbiltzen direnek erosketa saskia bertoko produktuekin betetzeko aukera izango dute, bai baserriko produktuekin, bai itsasokoekin. Izan ere, bertoko ekoizleak egongo dira udalerrian: Egala (Gautegiz Arteaga) eta Urdaibai (Arratzu) upategiak; Baskaran (Markina-Xemein) gaztak; Royo antxoak (Bermeo); Perez kontserbak (arrantza jasangarritik eratorriak eta produktu ekologikoekin eginak); edota Pierola (Araba) eta Marques de Caceres (Errioxa) upategietako ardoa. Horiez gain, Arabako Taloak-en eskutik talo jana egongo da aukeran Gautegiz Arteagan.
Askotariko produktuak izango dira herrian, formatu txikiko azokan, baina esperientzia eta kalitate “handiko” ekoizleak bilduko direla diote udal arduradunek. Hala, urtez urte hitzordu hori une tradizional bihurtu gura dute, datozen urteetan tokiko ekoizleen kopurua handituz. “Ziur gaude egun polita izango dela, eta ondo pasatzeaz aparte, gure lehen sektorearen garapen ekonomikoan lagunduko dugula”, adierazi du Saituak.