Fam eta Buenavida: Kalitatea eta mugikortasuna
Lointek Gernika Bizkaian jokatuko dute hurrengo denboraldian Awa Fam valentziarrak eta Elena Buenavida kanariarrak. Biak ala biak Valencia Basketetik lagata iritsi dira talde gernika-lumotarrera.
Awa Famek eta Elena Buenavidak Lointek Gernika Bizkaian jokatuko dute 2024/2025 denboraldian, Valencia Basket taldeak lagata. Fami dagokionez, 1,92 metro luzeko pibota da, eta azken urteotan LF Challengeko jokalari onena izan da; bataz beste, 12 puntu, 10 errebote eta 2,2 asistentzia lortu ditu. Santa Polako jokalariak Gernikaren talde lehiakortasuna azpimarratudu. “Goreneko maila behar egitea” ahalbidetuko dion etxea dela adierazita, “hazteko klub aproposa” dela nabarmendu du: “Ni bezalako jokalari gazte batentzako leku bikaina da”.
Buenavida, bere aldetik, Espainiako jokalari gazteen artean talentu agerikoena daukatenetako bat da. Azken denboraldian, eskolta kanariarrak Valencia Basketen lehen taldea eta Nou Paternako bigarrena uztartu ditu, bietan ala bietan jokatuz. Siglo XXIren haztegitik ateratako harribitxietako bat da Buenavida, eta denboraldi bi egin ditu Valentzian jokatuz. “Ilusio handiz” hartu du bere talde berrira ailegaera: “Egunero-egunero gogor lan egingo dut, ezarritako helburuak betetze aldera; batez ere, marea granateak taldearen jokoagaz gozatzea gura dugu”. Kanariar Uharteetako jokalariak Euroligan 4,8 puntu eta 1,7 asistentzia lortu ditu bataz beste; LF Challengean, berriz, 12,5 puntu sartu, 2,7 errebote jaso eta 2,3 baloi lapurtu ditu.
Lointek Gernika Bizkaiak, gaur-gaurkoz, 9 jokalari ditu baieztatuta 2024/2025 denboraldirako: Itziar Ariztimuño, Kendra Chery, Marta Alberdi eta Ane Olaeta gernika-lumotarrak, Laura Westerik, Maya Dodson, Irati Etxarri, Elena Buenavida eta Awa Fam
Jokalari bi horiekin, Lointekek 9 jokalari ditu baieztatuta hurrengo denboraldirako lantaldean: Itziar Ariztimuño, Kendra Chery, Marta Alberdi eta Ane Olaeta gernika-lumotarrak, Laura Westerik, Maya Dodson, Irati Etxarri, Buenavida eta Fam. Lucas Fernandez taldeko entrenatzaileak, batetik, Famen “izaera handia” azpimarratu du: “Alde fisikotik dituen gaitasunak oso begibistakoak dira, eta indar handia emango dio taldeari. Kantxan gauza pila bat egin dezakeen jokalaria da, erasoaldietan edota defentsa lanetan, bere mugikortasunari esker, erreboteak hartuz”. Buenavidari buruz ere mintzo da Fernandez, bere “sendotasuna, seriotasuna eta lehiakortasuna” azpimarratuz: “Emakumezkoen Endesa Liga ederto ezagutzen du, eta oreka handia eman dezake kantxaren alde bietan, edozein egoerari aurre egiteko gai baita”.