Baseliza batetik bestera joango dira morgarrak
Morgako ondare kultural aberatsa ezagutzeko aukera izango dute morgarrek domekan (ekainak 16), Morgako XII. Baseliza Ibilaldian. Herriaren ondare eta paisaia aberastasuna ezagutzera ematen jarraituko dute horrela, ohitura osasuntsuak eta parte hartzaileen arteko harremanak sustatuz.
Parte hartzaileek bi ibilbide izango dituzte aukeran: luzea 23,400 kilometrokoa, eta laburra 13,5 kilometrokoa. Ibilbide luzeena egitera doazen herritarrak 08:30ean irtengo dira Andra Maritik. Gutxi gorabehera lau orduko ibilbidea izango da, eta besteak beste, auzo eta ermita hauetatik igaroko dira: Talleritik, Bizkargitik, Eskerikatik, Gerekizen kokatutako San Esteban ermitatik, Errotetatik, Meakaur auzoko Kurtziperio tenplutik, Meakako San Bixenti baselizatik, Altamirako San Migel ermitatik, Ganbetik eta Okorikotik, Andra Marin amaitzeko.
Bestalde, ibilaldi laburrekoak 10:00etan abiatuko dira Andra Mari auzotik. Horiek hiru ordu inguruko txangoa egingo dute hurrengo auzoetatik: Talleri, Eskerika, Gerekiz, Errotera, Meakaur, Meaka, Oñarte eta Andra Mari.
Meakaur auzoan hornidura gunea jarriko dute, eta ibilaldiaren amaieran, berriz, ondo merezitako hamaiketakoagaz gozatuko dute.