900 txirrindulariko tropela, eskualdeko errepideen zain
Oiz Erronka-Jabi Amorrortu Martxa Zikloturista egingo dute zapatuan [ekainak 15]. Reto Oiz Hiria gaur bertan zabalduko dute, denetariko eskaintzagaz.
Eskualdeko txirrindulariak errepide gosez eta pedalei gogor eragiteko prest daude. Zapatuan [ekainak 15], Oiz Erronka-Jabi Amorrortu Martxa Zikloturistaren XIV. aldia egingo dute, Gernika-Lumon hasi eta amaituta. Aurtengo parte hartzeak iazkoa eta arinagoko ekitaldietakoak gaindituko ditu, gainera: 900 txirrindulari inguru egongo dira guztira. Tropel horren barruan, emakumezkoen parte hartzea %47 handituko da aurtengo aldian; parte hartzaile guztien %20 inguru emakumeak izango dira.
Iraupen ertain eta luzeko ibilbidea 08:00retan hasiko dira, San Juan kaletik; laburra, ostera, 10:00etan hasiko dute
Hiru ibilbideren artean hautatzeko aukera dute izena ema dutenek: Iraupen Labur, Ertain eta Luzekoa. Ibilbide bakoitza “ziklista profil jakin bati egokituta” egongo dela aurreratu dute Aixerrotape Txirrindularitza Elkarteko lantaldetik. Tarteko distantziadunak jasoko du aurten txirrindularirik gehien. Irteera hartzen lehendabizikoak ibilbide ertaina eta luzea aukeratu dutenak izango dira; 08:00retan ekingo diote bideari, San Juan kalean. Hori orduko, aurtengo omendua, David Seco txirrindulari ohi busturiarra, izango da protagonista nagusia: omenaldia egingo diote 07:50ean. Secok “txirrindulari profesional gisa egindako ibilbide luzeagatik eta Urdaibaiko bizikleta kulturari egindako ekarpenagatik” jasoko du omenaldia.
Ibilbide luzea egingo dutenek 164 kilometro eta 3.120 metro metatuko desnibela gainditu beharko dituzte. Tartean, Gerekiz, Emerando, San Pelaio, Arboliz, Bedarona eta Milloi igo beharko dituzte, ibilbidearen amaieran Bizkaiko Begiratokitik Oiz mendiaren gailurrera erlojupeko tartea egin arte. Aukera ertaina hautatutakoek, ostera, mendate horiek denak igo beharko dituzte, baina Lekeitiotik Ondarroara eta Berriatura arteko tartea ekidingo dute, baita Milloiko gaina ere; 128 kilometro eta 2.190 metro positiboko ibilbidea izango da.
Merkatu Plazan lanlekua egongo da, eta 12:30ean zabalduko dute
Ibilbide laburrekoei dagokienez, 10:00etan egingo dute lehen pedalkada, 72 kilometro eta 1.260 metroko desnibela betetzeko; Arboliz, Bedarona eta Bizkaiko Begiratokia edukiko dituzte menuan. Jatekoa eta edatekoa edukiko dute anoa postuetan: nork bere janari poltsa. Martxa amaituta, Merkatu Plazan indarrak hartzeko aukera izango dute: 12:30ean, janlekua zabalduko dute.
17:30ean zabalduko dute, bihar, Reto Oiz Hiria
Dortsalen banaketa.
Dortsalak biharnahiz zapatuanjaso ahalko dira. Bihar, baina, Reto Oiz Hiria izeneko gunean, Domingo Alegria plazan, denetariko eskaintzaz gozatzeko aukera edukiko dute, martxarako zenbakia batzera doazenean. 17:30ean, zabalduko dute gunea, eta denetariko denda, produktu edota zerbitzuen erakusleihoa ipiniko dute; gainera, Rural Kutxaren bizikleta solidarioa postua eta Miguel Soto artistaren Txirrindularitzaren Artea erakusketa ere bai.
Ez hori bakarrik: Urdaibaiko Esentziak txoko gastronomikoa eta Hungry To Perform-en nutrizio tailerra ere egongo dira Reto Oiz Hirian. Gernika-Lumora zapatuan bertaratzen direnek, bestalde, beraien dortsalak goizean goiz batzeko aukera edukiko dute, 06:30etatik aurrera.
EGITARAUA
GAUR:
- 17:30. Reto Oiz Hiria gunearen irekiera.
- 18:00. Dortsal banaketaren hasiera.
- 19:00-20:00. Hungry To Perform-en nutrizio tailerra.
- 20:30. Harrera afaria Zallo Barri jatetxean.
- 21:00. Reto Oiz Hiria gunearen eta dortsal banaketaren amaiera.
BIHAR:
- 17:30. Reto Oiz Hiria gunearen irekiera.
- 18:00. Dortsal banaketaren hasiera.
- 19:00-20:00. Hungry To Perform-en nutrizio tailerra.
- 20:30. Harrera afaria Zallo Barri jatetxean.
- 21:00. Reto Oiz Hiria gunearen eta dortsal banaketaren amaiera.