Segundo Olaeta Musika Eskolakoek kontzertua eskaini dute Gautegiz Arteagan
Iaz izandako arrakasta ikusita, Segundo Olaeta Musika Eskolako ikasle eta irakasleek Herriz Herri kontzertu zikloa abiatu zuten martxoan, eta bihar ailegatuko da Gautegiz Arteagara. Hala, kontzertua eskainiko dute, 19:00etatik aurrera, Andra Mari elizan.
Gernika-Lumoko musika eskolak Busturialdeko hainbat herritako ikasleei eskaintzen dizkie musika ikasketak, eta ikasitakoak praktikan jartzeko eta erakusteko zikloa da honakoa. Hala ere, berezitasun bat dauka, musika magiagaz uztartzen duela: Julen Magoak magia ikuskizuna eskaintzen du atsedenaldietan.
Hala, oraingoan ere, musika eta magia uztartuko dituzte eskolako bi orkestrek —ganbara taldeak eta harizko orkestrak— eta magoak. Ondorioz, hurbiltzen diren guztiek garai eta estilo desberdinetako musikaz beteriko errepertorioa izango du aukeran, adin guztietako herritarrentzako aproposa dena.
Gautegiz Arteagako emanaldiaz gain, Foruan ere eskainiko dute emanaldia, ekainaren 20an (eguena), 19:00etatik aurrera, San Martin de Tours Elizan.