Bost zentzumenak pizteko esperientzia
Urremendi Landa Garapen Elkarteak eta Urdaibai Turismok antolatuta, Berroja Upategiak gastronomia, enologia, zinema, eta musika uztartzen dituen ekitaldi bereziaren bigarren edizioan elkartu ditu hainbat lagun asteburuan.
Dastamena, usaimena, ikusmena, ukimena eta entzumena. Bost zentzumenen esperientzia izan da Urdaibaiko Esentziak Mahastietan ekimenaren bigarren edizioa, Urremendik eta Urdaibai Turismoak antolatutako ekitaldi berritzaile eta originala.
Berroja Upategia izan da esperientziaren etxea asteburuan. Bertan, eskualdeko produktu gastronomiko eta enologiko adierazgarrienak zine eta musikagaz uztartu dituzte, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren bihotzean.
Barikuan, Urdaibaiko txakolinaz eta gastronomiaz gozatzen zuten bitartean, Mundaka the legendary day eta Erro film laburrak proiektatu zituzten. Lehenengo filma Kepa Acero euskal surflari ezagunak aurkeztu zuen, 2006ko irailaren 22a gogoratuz; egun horretan Kelly Slater, Andy Irons edo Mick Fanning surflari handiak Mundakan izan ziren, bertako ezker olatu ospetsuaz gozatzen. Bigarren film laburra, berriz, bodypaint, natura eta dantza bertikalaren uztartzeari buruzkoa izan zen, “lurraldea, espazioa, denbora, memoria, identitatea eta gorputzaren bidezko bizitzaren zikloak kontatu zituena”. Janire Etxabe protagonistak eta Amaia Lejarreta zuzendariak lan horren sortze prozesua zelakoa izan zen kontatu zuten.
Zapatuan, berriz, Mississippi Queen & The wet dogs taldearen kontzertu akustikoagaz gozatu zuten bertaratu zirenek. Taldearen oinarrian funky eta soul musikak izan arren, doinu freskoak nabarmendu ziren upategian. Kontzertuan, zelan ez, bertako produktuak izan zituzten aukeran.