60 boluntariori esker 165 kilo hondakin atera dituzte Busturialdetik
Ekoetxea Sareak hondakinak lankidetzan batzeko hitzordua jarri zuen astebururako, eta ia tona bat hondakin jaso eta kendu zituzten Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Zentroen Sarean kokatuta dauden zentroen inguruetatik. Zehatz esateko, 165 kilo zabor kendu zituzten 60 boluntariok Ekoetxea Urdaibairen ingurutik.
IzaroSub elkarteagaz batera egin zuten bilketa, San Kristobalgo paduran eta Muruetako Teilategian, hor kontzentratu ohi direlako itsasoak kostaldera itzultzen dituen hondain gehienak. Bilketak hiru orduz iraun zuen.
Orokorrean, Ekoetxea Sareak kudeatuta, ia 150 pertsonak bat egin zuten Ingurumenaren Mundu Egunaren harira antolatu zuten bilketa orokorragaz. Gure lurrak. Gure etorkizuna lelopean batu ziren, Let’s Clean Up Euskadi! kanpainagaz bat eginda.
Izan ere, ziurtatu dute, ingurune naturaletan abandonatuta dauden hondakinek substantzia toxikoak askatzen dituztela, eta horiek lurzorua, ura edo airea kutsa dezaketela, izaki bizidun guztiei kalte eginez. “Hondakin horiek paisaiak degradatzen dituzte eta esparru berezi askoren edertasun naturala narriatzen dute, betirako kutsatuta uzten baitituzte gune horiek, ingurune eta pertsonen osasunean eragina izanez”, azaldu dute, eta esandakoa arrazoitzeko adibidea jarri dute. Esaterako, zigarrokin huts batek ia bi urte behar ditu desegiteko, eta plastiko batek, berriz, 100 urte baino gehiago.
Hala, Ekoetxea Sareak antolatzen dituen ekintzak lagungarriak izatea bilatu gura dute, herritarrei kontzientziak pizteko. Hitzetatik ekintzetara pasatzea bilatu gura dute.