Zerbitzu sektorean euskara areagotzeko, 'Bertatik Bertara' euskaraz
Zerbitzu sektorean euskararen erabilera bultzatzeko kanpaina martxan da Uemaren parte diren udalerrietan. Aurtengo kanpainaren euskarrietan Spotifyko QR kode bat jarri dute, bisitariak bertoko musikarekin Euskal Herritik bidaiatzen jartzeko asmoz.
Zerbitzu sektorean euskararen erabilera bultzatzearen erronkari eutsiko dio, bosgarrengo aldiz, Uemak. Bisitariak zein bisitariekin harremana duten zerbitzu sektoreko arduradunak eta langileak euskara aintzat hartzera gonbidatzeko Bertatik Bertara kanpaina abiatu du beste behin, udarako. Horretarako, hainbat baliabide eskainiko dituzte Uemak eta bertako kide diren dozenaka udalek; esaterako, 300.000 mahai gaineko banatuko dituzte ostalarien artean. Hainbat garapen agentziak ere bat egingo dute kanpainagaz, aurreko urteetan bezala. Zapatuan (ekainak 8) hasi zuten kanpaina, eta irailaren erdialdera gauzatuko dute.
Bertatik Bertara kanpainagaz, bertako produktuen, paisaiaren eta gainerako eskaintza zabalaren artean, udalerri euskaldunen nortasuna egokien isladatzen duena euskara dela nabarmendu gura dute aurten.
Hala, bisitarientzako eta zerbitzu sektoreko arduradun eta langileentzako hainbat baliabide prestatu dituzte, eta erabilgarri daude dagoeneko. Besteak beste, udalen webguneetarako eta sare sozialetarako bannerrak eta testuak, tabernetan eta jatetxeetan erabiltzeko mahai gainekoak, zerbitzu sektoreko eragileei kanpainaren berri emateko baliabideak, eta bisitariek telefonoetan erabili ahal izateko hiztegia jarri dituzte eskuragarri.
Aurten, gainera, lehen aldiz, Turismo Bulegoetan zein bisitariak hartzen dituzten ostatu, landetxe eta antzekoetan zabaltzeko diptikoak egin ditu Uemak, “euskaraz, ingelesez, katalanez, gazteleraz, frantsesez eta galizieraz”. Izan ere, bertoko hizkuntza ere kalitatea eta hurbiltasuna erakusteko “ezinbesteko osagaia” dela uste dute.
Merkataritza zerbitzua.
Hori guztia Uemako kide diren herrietako merkatariei eta ostalariei ere helarazi diete; posta arruntez jaso dute informazioa 2.000 biztanletik beherako herrietan, eta gehiagokoetan, udalak arduratu dira informazio orriak banatzeaz.
Eskuorria, gainera, denda, taberna eta jartetxeen ate edo erakusleihoetan jartzeko moduan diseinatutakoa da, eta euskaraz aritzeko oinarrizko hiztegira bideratzen ditu bisitariak, QR kode baten bidez. Kanpainaren berri emateko spota ere prestatu du Uemak, bisitariek taberna eta jatetxeetan aurkituko duten mahai gainekoaren osagarri modura.
Berrikuntza modura, aurtengo kanpainaren euskarrietan, gainera, Spotifyko QR bat dago txertatuta, Zure bidaiaren soinu banda izenagaz. Horren helburua da datozen kanpoko bisitariak bertoko musikarekin Euskal Herritik bidaiatzen jartzea.