Mendia bai, jaia ere bai
Maiatzetik ekainera dataz aldatu arren, 532 mendizale elkartu dira Gernika-Lumoko X. Mendijaian. Guggenheim Urdaibai Stop plataformak 532 euro jaso ditu. Aurtengo ekitaldiaren irakurketa "oso positiboa" egin du Arrolape Mendi Klubak.
Gernika-Lumoko Mendijaia hamargarren urtemugara iritsi da, eta nola iritsi, gainera. Iragan zapatuan [ekainak 8], mendizalez bete zen Gernika-Lumoko Pasealekua, lasterketez zein mendi martxez gozatzeko. 17 kilometroko lasterketa eta martxa bana, batetik, eta 8,5 kilometro beste bana, bestetik: denentzako tokia egon zen zapatuan. Maiatzetik ekainera dataz aldatu behar izan dute aurtengo Mendijaia, baina data aldaketak sortutako zalantzak segituan uxatu dituzte mendizaleek, Arrolape Mendi Klubetik aaldu dutenez: “Parte hartzea zein izango beldurrez egon gara, egutegia lasterketaz nahiz martxaz josita baitago; edozelan ere, oso pozarren gaude herritarrek emandako erantzunagaz”. Guztira, 532 mendizale bildu ziren zapatuan. Izen emateetako euro solidarioa Guggenheim Urdaibai Stop herritar plataformak jaso du aurten; 532 euro jaso ditu museo makroproiektuaren aurkako eragile sareak.
Lasterketa laburreko 50 parte hartzaileetako 21 emakumezkoak izan dira; arrolapetarrak “pozik” agertu dira kopuruokin
Gernika-Lumo inguruko mendi eta muinoetatik aritu ziren mendi korrikalari eta martxalariak. Maiaga, Ganaga edota Kosnoaga mendietatik pasatu ziren mendizaleak, eta dena “prestatu modura” atera zen. Martxa biek erakarri zuten partaide kopururik esanguratsuena. Lasterketa luzean, parte hartzeak behera egin du aurten, baina “kalitate handiko zerrenda” egon dela argiu dute. Proba laburrean, berriz, korrikalari gazteek “bikain” erantzun dute: “Lasterketa laburrean 50 parte hartzaile egon ziren, eta horietatik 21 emakumezkoak izan ziren; oso pozarren gaude kopuruokin, harrobia eta emakumeen parte hartzea sustatzea helburu baititugu”.
Aurtengo ibilbideek eduki dute berritasunetik, bestalde: Etiketa Berdeagaz bat egin du Arrolape Mendi Klubak eta, mendizaletasun jasangarria naiz etikoa helburu, aurtengo ibilbideetako seinaleztapena bestelakoa izan da. “Seinale berriek ondo funtzionatu dute, ikusteko eraginkorrak dira; era berean, urrats berri bat egin dugu plastikoen erabilera murrizte aldera. Hori bai, udala eta herria bera jasangarritasunerako noranzko horretara gehitu behar dira”. Aurtengo aldian faltan bota dutena BTT martxa izan da. Izan ere, Gernikako Piratak taldeak urtebeteko atsedenaldia hartzea erabaki du, eta aurtengo egitarauan “hutsune nabarmena” utzi duten arren, datorren ekitaldian bueltatuko dira.
Bizkorrenen txanda.
Lasterketa luzeak gidari argi bi eduki zituen: Alluitz de Bilbao kortezubitarra eta Paul Ormaetxea muruetarra. Ormaetxeak bere legea ezarri zuen gizonezkoen artean, eta 01.19.16ko denboragaz, lau minutuko arrakala esanguratsua zabaldu zuen helmugan bigarren sailkatuarekiko; Unai Fernandez eibartarrak 01.23.19an gelditu zuen erlojua. Podiuma Paul Goitisolok osatu zuen; gernika-lumotarrak sobera ezagutzen du proba horretako podiumera igotzea zer den, eta aurten 01.23.45ekoagaz lortu du.
Bilbaok ere malgutasunez dominatu zuen emakumezkoen lehia: 01.48.19ko denboragaz borobildu zituen lanak, Zutoia Odriozola atxondarrak baino ia bost minutu gutxiagogaz (01.53.06). Minutu erdia beranduago (01.56.32) beranduago helmugaratu zen podiuma osatu zuen Itsasne Urkiaga zornotzarra. Bilbaok gazteen sailkapena ere poltsikoratu zuen emakumezkoetan; gizonezkoen artean, sailkapen horretan Unai Alberdi gernika-lumotarra nagusitu zen. Beteranoei dagokienez, Julen Aranguena kortezubitarra izan zen bizkorrena. Lehendabiziko bi gernika-lumotarrentzat ere saria egon zen. Goitisolok eta Ziortza Barruetabeñak (02.05.50) jaso zuten.
Lasterketa laburrean, Izei Incera alonsotegiarrak eta Jone Oar-Arteta gernika-lumotarrak ez zuten areriorik topatu. Lehenengoak 48.48ko denbora txukuna egin zuen; bigarrenak, 53.49ko erregistro aparta. Emakumezkoen podiuma Haizea Gerrikabeitia gernika-lumotarrak (01.00.32) eta Ana Ginto mundakarrak (01.00.49) osatu zuten; gizonezkoena, berriz, Peru Enbeita gernika-lumotarrak (50.22) eta Damian Ilau busturiarrak (50.32). 2006an edo ondoren jaiotako korrikalarientzako sariketan, Incera eta Gerrikabaitia izan ziren irabazle.
“Bertoko eragileei, norbanakoei eta udalari laguntzera eta proiektu honetan parte hartzera animatzeko deialdia luzatzen diegu”
Itxaropentsu.
Behin ibilbide guztiak burututa, mendizaleak jai giroan bildu ziren. Jomugetako bat kirolaz harago “jai giro herrikoia” bultzatzea izanik, pasta janaldia egin zuten eguerdian: “Oso arrakastatsua izan zen, jendea animatuta eta bertan geratzeko gogotsu sumatu genuen. Lasterketen eta martxen osteko pasta jana nahitaezko bateragunea da, eta hurrengo urteetan errepikatzeko prest gaude”. Etorkizunera begira, hain zuzen, “gogotsu” daude arrolapetarrak: “Ikusi dugu opariek, zozketek eta, batez ere, data aldaketak funtzionatzen dutela; aurtengo parte hartzea txikiagoa izanda ere, igarten da mendizaleek egun horrekiko atxikimendua dutela, eta kohesio hori sendotzen jarraituko dugu. Mendijaiak izugarri du herrigintzatik eta, beraz, bertoko eragileei, norbanakoei eta udalari laguntzera eta proiektu honetan parte hartzera animatzeko deialdia luzatzen diegu”.