Gaztelugatxe, erraldoien topaleku
Euskal Herriko hainbat tokitatik iritsitako 13 erraldoi igo zituzten Gaztelugatxeko Doniene baseliza parera, zapatuan; 80 pertsonatik gora behar izan ziren.
Gaztelugatxeko San Joan Euskal Herriko txoko ezberdinetatik iritsitako 13 erraldoiren topagune bilakatu zen zapatuan. Bermeoko Konpartsak antolatuta, Urdaibaiko biotopo babestuan elkartu ziren Kanboko Zekila elkarteko lau erraldoi, Donostiako Irrintzi taldeko hiru, Deustuko Ondalan Erraldoien konpartsako bi eta Bermeoko lau erraldoi.
Kostata, baina 13 erraldoiak Gaztelugatxeko Doniene baselisaraino iritsi ziren, 214 espaloi igo eta gero. Antolatzaileek azaldu dutenez, boluntarioen lana ezinbestekoa izan da topaketa aurrera eraman ahal izateko; izan ere, 13 erraldoiak goraino iristeko, 80 pertsonatik gora behar izan zituzten. Azaldu dutenez, erraldoi batzuen neurriak eta pisuak, zenbait eremutan tente igo beharrean barik etzanda igotera behartu zituen.
Ez da bermeotarrek eta donostiarrek beraien erraldoiak Gaztelugatxera igoten dituzten lehen aldia izan; Bermeoko Konpartsako kideek 2016an igo zituzten; Irrintzi Taldekoek, berriz, 2006an. Aurtengo igoerak, baina, ez zituen lekuko asko izan; Bizkaiko Foru Aldundiagaz adostuta, eta bisitariei ahalik eta traba gutxien egiteko helburuagaz, goizeko 8:45ean ekin zioten eskailerak igotzeari. Erraldoien topaketari amaiera emateko, erraldoien konpartsetako kideak bazkari herrikoian batu ziren.