Bizi dituzten arazo estrukturalak azaldu, eta horiei konponbide bat emateko eskatu dute udal langileek
Gernika-Lumoko udal langileek bizi dituzten arazo estrukturalak salatu dituzte udaletxe aurrean egindako agerraldian. 2020an kanpo enpresa batek egindako analisiaren emaitzetan oinarrituta azaldu dituzte arazoak, eta horiek konpontzeko erabakiak hartzea eskatu diote udal gobernuari.
Gernika-Lumoko udal langileen arazo estrukturalak areagotu egin dira azkenengo urteetan. Hori salatu dute gaur [ekainak 11] Gernika-Lumoko udaletxe aurrean egin duten agerraldian. Izan ere, udal langileek egunerokotasunean izaten dituzten arazoak azaldu nahi izan dizkiete udal gobernuari zein herritarrei, eta egoera aldatzeko eskatzen dituzten neurriak azaldu dituzte.
Gernika-Lumoko Udalak 2020an CGP–Consultores de Gestión Pública– enpresari agindutako kanpo analisi batek erakutsi ditu langileek dituzten arazo estrukturalak, eta horiek azaldu dituzte agerraldian. Sindikatuek egindako analisi batek, gainera, erakutsi du langileen %97,5ak lanean “egoera txarra edo oso txarra” bizi duela.
CGPren analisiaren emaitzak diotenez, eguneratutako udal langileen zerrenda bat falta da. Gainera, ez dago ez organigrama funtzionalik, ez eguneratutako lan postuen deskribapenik. Gaineratu dutenez, lan taldea egonkortzeko beharra ikusten dute langileek, administrazio laguntzaileek, esaterako, “goragoko kategorietako” zereginak egin behar izaten dituztelako.
Gaur egungo egoera kaxkarra izateaz gain, etorkizunak ere arduratzen die udal langileei. Horregatik, etorkizuneko erretiroak planifikatzeko beharra ikusten dute. “Prestakuntza, eguneratze eta birziklatze plan eraginkorrik” ez izatea eta ikasketa profesionalik ez izatea ere salatu dute agerraldian. Azaldu dutenez, lan baldintza eskasak izateak egunerokotasunean lan giro “eskasa” izatea eragiten du. Gainera, ordainsari sistema “bidezkoa ez” dela salatu dute.
“Sindikatuetatik urteetan salatzen egon garen errealitatea kanpo enpresa horren txostenetan berretsita agertu zen. Sakoneko arazoak bideratzeko plan baten beharrean gaude, baina ez dugu erantzunik jasotzen. Ez dugu egoera aldatzeko borondaterik ikusten. Horren ordez, udal negoziazio markoetan bideratu zitezkeen arazoak epaitegietan lan ikuskaritzan salatu beharrean aurkitu izan gara, eta hori eginda ere arazo horietako asko ez dituzte konpondu. 2019tik lan talde osoari eragiten dion epegabeko sententzia judizial bat dago, adibidez”, adierazi dute udal langileek.
Baldintzak 2020an “zakartzen” hasi baziren ere, azkenengo hilabeteetan egoera “kezkagarriagoa” bihurtu dela diote. Ze, langileen arteko bajak ugaritzeaz gain, postu klabe batzuk “arduradun barik” daude, hau da, hutsik. Langileek barne bideak agortu dituztela sentitzen dute, eta Gernika-Lumoko herriari “arduratik eta kexkatik” udaletxean bizi duten egoeraren berri ematea erabaki dute agerraldiaren bidez.
Luzatutako eskaerak.
Egoera ondo aztertu ostean, langile taldeak hainbat eskaera luzatu dizkio udal gobernuari. Lehenik eta behin, 2019ko lan postuen balorazioarekin lotutako epai judiziala betetzea exijitu dute. Horrez gain, erretiroak planifikatu eta belaunaldi aldaketarako formulak negoziatzeko giza baliabideen plan bat osatzea nahi dute. Baita epe eta neurria zehatzak izango dituen eta 2020ko txostenean adierazitako arazo estrukturalei irtenbidea emateko plan integral bat negoziatzea eta ezartzea ere.
Langileek euren postuak eskatzen dituzten beharrak baino ez betetzeko, hutsik dauden lanpostuak eta bajan dauden pertsonen lanpostuak betetzea, eta, era berean, lantaldea premiaz indartzea aldarrikatzen dute. Egonkortze prozesuak “garaiz eta era egokian” bideratzeko behar diren baliabideak ziurtatzea ere erregutu dute.
Epe negoziatu eta argi batekin barne sustapenak aktibatzea ere eskatu dute. Azkenik, udal lantalde osoaren azterketa psikosoziala egiteko nahia erakutsi dute.
“Kalitatezko zerbitzuak dituen udal bat behar dugu. 21. mendera egokitutakoa, herritarrak eta langileak entzungo dituena, eta egungo eta etorkizuneko erronkei erantzuteko gai izango dena. Horretarako ezinbestekoa da barne antolaketa eta funtzionamendu eredu berri bat, Gernika-Lumo hobetzeko eta langileok gure onena eman ahal izateko. Udal gobernuari eta oposizioari egoera bideratzeko euren eskuetan dagoen guztia egin dezaten eta herriari denon eskubidekoa den kalitatezko zerbitzuen alde egin dezan dei egiten diegu. Langileria politika berria orain!, aldarrikatuz bukatu dute agerraldia.