Palista onenek jantzi dute txapela
Gautegiz Arteagako lehenengo pala txapelketako garaileek txapela jantzi zuten zapatuan. Maila guztietako finalak lehiatu zituzten, eta antolatzaileak "oso gustura" daude txapelketak eman duenaz.
Gautegiz Arteagako lehenengo Pala Txapelketak baditu irabazleak. Maila guztietako finalak lehiatu zituzten asteburuan, eta nor baino nor gehiago aritu ziren kubleko ordezkariak zein kanpotik etorritako palistak. “Arratsalde ederra” izan zela diote antolatzaileek, frontoira hubildu ziren herritar eta lagunek “gozatu” egin zutelako. “Orokorrean, oso gustura gaude txapelketak eman duenaz, bai pilotariak, bai antolatzaileak, bai ikusleak”, azaldu dute.
Gomazko palaren eta pala motzaren bigarren mailako norgehiagokak jolastu zituzten zapatu goizean. Gomazko kategorian, Unai Arrizabalak eta Asier Gonzalezek Jon Loizaga eta Asier Abiña izan zituzten parez pare, eta Loizaga eta Abiña nagusitu ziren, 25-15 irabazita; klubeko partaide Abiñak, beraz, txapela eskuratu zuen. Partidu “erosoa” izan zen Loizaga eta Abiñarentzat, hasiera gogor baten ondorioz tartea zabaltzea lortu baitzuten. “Loizagak pilotari gogor ematen hasi zuen finala, ondo defendatuz eta pare bat errebote ere sartu zituen. Abiñak ere sendo defendatu zuen. Bestetik, Gonzalez eta Arrizabalaga tarteak aurkitu ezinean ibili ziren”, azaldu dute antolatzaileek.
Pala motzean, berriz, Gallartako Larrinagak eta Santamariak jantzi zuten txapela, Agirregoitia eta Martinezi 40-38 irabazita. Partidu “oso interesgarria” izan zela eta zaleek “asko” gozatu zutela azaldu dute antolatzaileek. Izan ere, getxoztarrak (Agirregoitia eta Martinez) aurretik joan ziren partidu osoan, Agirregoitiaren golpe onari eta Martinezen defentsa lanari esker, baina Gallartako bikoteak gorantz egin zuen apurka-apurka, eta 37 tantora berdintzea lortu zuten. Azkenean, atzetik ibili ostean, partidua irauli eta bi tantogatik gailendu ziren finalean.
Beteranoetan, pala motzean aritu ziren Mikel Uriarte eta Ander Bilbao, Arteagako klubeko Mario Ruiz eta Eusebio Meleroren aurka. 40-34 irabazteari esker, Uriartek eta Bilbaok jantzi zuten txapela. Hala ere, Ruizek egindako txapelketa nabarmendu dute antolatzaileek: “Mario aurten hasi da pala motzean jokatzen, eta finalera heltzea saria izan da berarentzat”. Ondo hasi zuten finala Ruiz eta Melerok, baina Uriarte pilotak mugitzen hasi zen partida erdian, jokoa nahasten, hormatik pilota ateratzen, zabalera edo atzera bidaltzen. Ondorioz, Melero defentsa lanean aritu behar izan zen. Eta txapela Uriarte eta Bilbaorentzat izan zen. “Melero bikain aritu zen. Esan behar da beteranoen kategorian 50 urtetik gorakoek parte hatzen dutela, eta bera zela nagusiena, baina ez horregatik gutxien joten zuena”, diote.
Lehenengo maila.
Gomazko palan, Bizkaiko txapeldunak diren Erlantz Garcia eta Mikel Artaraz izan ziren nagusi. 25-17 irabazi zuten Amorotoko Aimar Okamika eta Liher Arrizabalagaren aurkako norgehiagoka, eta lehia “polita” erakutsi zuten. Partida hasieran nagusi izan ziren Amorotokoak, Okamikak aurreko koadroetan egindako lanari esker. “Ezker magikoagaz horma bikoak bota zituen, txokora ere bota zuten, eta jokaldiak erraz amaitu zituen”, azaldu dute. Partidu erditik aurrera, baina, Bizkaiko txapeldunek euren jokoa erakutsi zuten: golpe sendoak egin zituzten, golpez jokoa apurtuz. “Jokoa atzeko koadroetara atzeratu zuten, aurkarien huts egiteak bilatuz. Huts horiekin eta eurek egindako tantoei esker, finala eskuratu zuten”.
Pala motzeko finalean, Paul Solagurenek eta Facun Maldonadok Unai Zabalaren eta Igor Arroitaren aurka lehitu zuten; finalera arte, Loika Arroitak lehitu zuen Zabalagaz, baina finalera joan ezin ez eta Igor Arroitak ordezkatu zuen. “Igor sekulako klasea daukan pilotaria da, Espainiako txapelketa irabazita duena”, azaldu dute antolatzaileek. Hala, final zaila aurreikusi zuten Solagurenek —etxeko klubeko ordezkariak— eta Maldonadok, eta hala izan zen, 40-32 galdu baitzuten Zabalaren eta Arroitaren aurka. “Partidu hasieran nahiko parekatuta hasi ginen, Facun golpez fresko, baina Zabala ere bai. Arroitak, gainera, atzeko koadroetan sendo erantzun zuen, dena eroanez; pilota zailak denak barrura sartzen zituen eta ez zuen hutsik egin”, azaldu du Solagurenek. Eurei “jokoan sartzea kostatu” zitzaiela onartu du, 21-10 atzetik joan zirela gogratuz. Baina dena galduta zutela uste arren, 24-20ra hurbiltzea lortu zuten. Hala ere, huts egite batzuen ondorioz, finala Zabalak eta Arroitak eroan zuten. “Harmailetan giro paregabea egon zen, bai batzuek zein besteek jendearen txaloak jaso genituen”.