EH Bildu izan da lehen indarra Busturialdean
Orain dela bost urteko datuekin alderatuta, boto kopuruan jaitsi dira EH Bildu (514 boto gutxiago) eta EAJ (5.631 boto gutxiago) eskualdean. Partidu sozialistak, popularrak eta VOXek, ostera, gora egin dute.
Europako parlamenturako hauteskundeetan, EH Bildu nagusitu da Busturialdean, 8.057 boto lortuta; hala ere, boto kopuruan jaitsi da, 8.571 boto lortu baitzituen duela bost urtea. EAJ izan da bigarren indarra, 7.648 botogaz, baina nabarmen egin du behera eskualdean alderdi jeltzaleak: duela bost urte baino 5.631 boto gutxiago eskuratu ditu. Eskualdeko bi alderdi nagusien artean, beraz, 409 botoko aldea egon da, alderdi subiranistaren alde.
Busturialdeko 20 herrietatik 11 herritan nagusitu da alderdi jeltzalea, duela bost urte baino sei herri gutxiagotan. Nagusitasuna mantendu du Bermeon, Busturian, Ereñon, Errigoitin, Gautegiz Arteagan, Mendatan, Kortezubin, Morgan, Mundakan, Muruetan eta Sukarrietan. Lehen indarra izateari utzi dio, aldiz, Foruan, Ibarrangelun, Arratzun, Elantxoben, Gernika-Lumon eta Muxikan. EH Bilduk, berriz, indar nagusia izaten jarraitu du Ajangizen, Ean eta Nabarnizen.
Aldaketak izan diren herri horietako zenbaitetan emaitza estuak egon dira. Esaterako, Arratzun aldaketa izan da, eta 11 puntuko aldea egon da alderdi subiranistaren alde, Elantxoben legez. Foruan, aldiz, alde handiago atera du EH Bilduk, 28 botogatik nagusituz. Gernika-Lumon, 1.395 aldeagaz irabazi zuen EAJk duela bost urte, eta aurten, 338ko aldea egon da alderdi subiranistaren alde.
Bermeon, EAJk jarraitu du alderdi bozkatuena izaten, baina jaitsi egin da bi alderdi horien arteko aldea: EAJk EH Bilduk baino 2.112 boto gehiago lortu zituen 2019an, eta 271, aldiz, gaur egun. Ereñon eta Kortezubin ere, aldeak estutu dira, hiru eta lau puntuko aldea egon baita gaur, eta 39 eta 59 botokoa izan baitzen aldea 2019an, hurrenez hurren.
Biek ala biek orain dela bost urte baino boto gutxiago jaso dituzte bertoko udalerri guztietan. 20 udalerrietako emaitzak batuta, jeltzaleek 2019an baino 5.631 boto gutxiago jaso dituzte gaur (13.279 boto bildu zituen 2019an), eta koalizio subiranistakoek, berriz, 514 boto gutxiago ( 8.571 boto izan zituen 2019an).
PSEE-EEk, PPk eta VOXek boto kopuruan gora egin dute. Sozialistak izan dira botoetan gehien igo direnak: 962 boto gehiago lortu dituzte; 1.286 boto izan zituzten 2019an, eta 2.248 boto gaur. Popularrek 2019an baino 256 boto gehiago lortu dituzte; 576 boto pilatu dituzte gaur eta 320 aurrekoetan. VOXek, berriz, nabarmen egin du gora: 95 boto gehiago eskuratu ditu oraingoan, 71 boto izatetik 166 izatera igaroz.
Elkarrekin Podemosen beherakada ere, nabarmentzekoa izan da, 1.001 boto galdu baititu oraingoan. Lehen 1.332 boto zituen, eta 331 lortu ditu hauteskunde hauetan.
Hauteskunde kanpainan alderdi guztietako hautagaiek gaur botoa ematera joatearen garrantzia azpimarratu dute etengabean. Abstentzio datu altuaren beldur ziren, eta horrela izan da: %44,87 (2019an %25,42koa izan zen, baina orduan, udal eta foru hauteskundeen egun berean izan ziren Europakoak). Busturialdean ere parte hartze datu baxuak izan dira orokorrean: %37,30eko abstentzioa egon da, duela bost urtekoa bikoiztuz; izan ere, %19,16koa izan zen duela bost urte. Abstentzio daturik altuenak eskualdeko bi herri handienetan izan dira, Bermeon %50,67koa izan baita, eta Gernika-Lumon %45,16koa. Muxikan ere, %44,62ko izan da. Parte hartzerik handiena, berriz, Arratzun egon da, herritarren %73,52 joan baita botoa ematera.
EH Bildu nagusi.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako datuei dagokienez, EH Bildu izan da lehen indarra, botoen %26,2agaz (4,23 puntu gora eginda). %99,78 zenbatuta, 227.973 boto bildu dituzte, eta jarraian alderdi sozialista geratu da, 225.278 botogaz (%25,9). EH Bildu, ERC, BNG eta Ara Mes taldeek osatutako Errepublikak Orain hiru ordezkaritzei eutsi die, eta Pernando Barrena Europako parlamentura bueltatuko da.
EAJk porrota jaso du, hirugarren indarra izatera pasatu baita, 194.594 botogaz (11,52 puntu behera eginda). Hala ere, bere Europako ordezkaritza bakarra mantenduko du; Coalicion Canaria, Geroa Bai eta El Pi talde politikoekin osatu du EAJk Europa Solidarioaren Aldeko Koalizioaren (CEUS) eta Oihane Agirregoitia hautagai jeltzalea da zerrendaburua.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan % 50.89eko parte hartzea egon da.