Bederatzigarrena, olatu artean: Bermeo-Urdaibai, Euskadiko Txapeldun
Bizkaiko eta Gipuzkoako txapeldunek irabazi dute Euskadiko Traineru Txapelketa: Bermeo-Urdaibai eta Arraun Lagunak gailendu dira, hurrenez hurren, gizonezkoen eta emakumezkoen estropadetan.
Haize eta itsas baldintza gogorrekin lehiatu zuten domekan [ekainak 9] Euskadiko Traineru Txapelketa, Donostiako Kontxan. Bizkaiko txapeldun Bermeo-Urdaibaik eta Gipuzkoako txapeldun Arraun Lagunak-ek, gizonekoen eta emakumezkoen estropadetan, ez zieten beste parte hartzaileei inongo aukerarik laga, eta Euskadiko Txapelketa merezimendu osoz poltsikoratu zuten. Ipar-mendebaleko haizeteak ezin izan zuen hautagi nagusi biekin, ezta olatuek ere. Bermeotarrek Euskadiko bederatzigarren bandera eskuratu zuten, eta hirugarrena jarraian; Arraun Lagunak-ek, ostera, bere ibilbideko hirugarrena.
Lau kale prest eduki arren, gizonezkoek horietako bi besterik ez zituzten erabili: hirugarrena eta laugarrena. Erlojupeko saioaren lehen erdian Donostiarra nagusi agertu zen, eskifaiako aurrekalariak bere arraun apurtu arte; orduan, denbora baliotsua galdu zuen. Aukera ondo probestu zuten aurkariek, batez ere, lekittarra-k; lehen txandan nagusitu zen Isuntza, Pasai Donibaneren aurretik. Hain zuzen, 24.51ko denbora behar izan zuten lekeitiarrek.
Gorka Aranberri: “Itsasoa agresibo dagoenean, berdindu egin behar da agresibitatea; burua gogortu dugu”
Ohorezko txanda gorabehera gutxiagokoa izan zen. Bermeo-Urdaibai eta Zierbena maila aldetik parekatuta ibili ziren hasieran, baina estropadaren bigarren zatian bermeotarrek koska bat igo zuten neurketaren maila. Lau luzeak 23.38,99ko denboragaz egin zituzten, eta galipoek minutu erdi gehiago behar izan zuten. Minutu pasako aldea atera zioten, gainera, Hondarribiari. Isuntzari dagokionez, podiumetik hiru segundotara helmugaratu zen: laugarrena, 01.12ra. Ondarroak 01.47 utzi zuen helmugan. Gorka Aranberri Bermeo-Urdaibaiko patroiak “olatuak zuzen hartzea” giltzarri izan zela nabarmendu zuten, norgehiagoka amaitu berritan: “Itsasoa agresibo dagoenean, berdindu egin behar da agresibitatea; burua gogortu dugu”.
Arraun Lagunak, nahieran.
Itsasbeherak ez zituen Kontxako olatuak apaldu, eta emakumekoen, bi kaletan barik, bakarrean egin zuten luze biko eta ziaboga bateko estropada. Arraun Lagunak irteera hartzen azkenak izan ziren, baina nagusitasun osoa erakusten lehenengoak eta bakarrak. Arraun bi hondatuta ere, ez zuten aurkaririk izan uretan, 14.25,49ko denboran burutu zuten proba, Oriori ia minutu erdia aterata.