Bakardade ikusezina irudikatuz
Egun, batak besteagaz konektatzeak gero eta errazago dirudien garaian, gero eta gehiago dira bakardadean bizi direnak. Hala dio Munduko Osasun Erakundeak eta hala erakusten dute datuek. Izan ere, Bizkai, Araba eta Gipuzkoan 100.000 pertsonatik gora bizi dira bakarrik, eta askok eta askok izaten duten bisita bakarra erakunde ezberdinetako boluntarioena izaten da.
Errealitate horretaz ohartarazteko helburuagaz, Bakartasun ikusezina murala margotuko dute Busturian, ekainaren 12an [eguaztena]. 17:00etan jarri dute hitzordua eta, bi orduz, bakardadearen inguruko lanketa egingo dute bertaratzen direnek. Aurretik izena eman beharko dela iragarri dute antolatzaileek, eta horretarako hiru bide izango dituzte interesa dutenek; 94-617 10 04 telefono zenbakira deituz, liburutegia@busturia.eus helbide elektronikora idatziz edota Busturiko Kultur Etxera hurbilduta.
Bakardadearen inguruan uste, iritzi eta informazioa elkarbanatzeko espazioa ere sortuko dute, ekainaren 19an [eguaztena]. Kafe tertulia irekia antolatu dute kultur etxean bertan, eta topaketa horren helburu nagusia bakardadeari ahotsa jartzea izango da, irtenbideren bat bilatze aldera. Azaldu dutenez, batzar irekiak bi orduko iraupena izango du, 17:00etatik 19:00etara, eta honetarako ere izena eman beharko da.