Plan berria, martxan
AROA izena izango du Busturian datozen bost urteetarako diseinatzen ari diren Euskararen Plan Estrategiko berriak.
Egun indarrean dagoen Euskararen Plan Estrategikoa ebaluatu eta datozen bost urteetarako plan berria diseinatzeko helburuagaz, Busturiko Udalak batzar irekia antolatu zuen. Ahize-AEK hizkuntza aholkularitzagaz batera antolatu zuten World cafe formatuko jardunaldiak erantzun zabala jaso zuen, “hainbat herritar” bertaratu baitziren.
Busturiarrek, beraien ustetan euskara planak eragina izan beharko lukeen esparruak zehaztu zituzten; besteak beste, familia transmizioa, arlo sozioekonomikoa, euskalduntzea, aisia eta kirola nabarmendu zituzten. Udaletik adierazi dutenez, jardunaldia “giro ederrean” gauzatu zen, eta bertaratu ziren herriatarrak “pozik eta ilusioz beterik” amaitu zuten.

Argazkia: Busturiko Udala
Era berean, plan berriak AROA izena izango duela iragarri zuen udalak. Gainera, plan berria diseinatzeaz gain, herritarren esku jarri zituzten egungo planaren ebaluazio prozesuan jasotako datuak.