Turismo Jasangarriaren Europako Gutunaren estrategia berria lantzen hasi dira
Aurten bukatuko da 2020-2024 aldirako plana, eta horren inguruan hausnartzeko eta eztabaidatzeko baliatu zuten, astelehenean [ekainak 3] Madariaga Dorretxean egindako ezohiko bilera.
Argazkia: Urdaibai Basque Reserve Busturialdea-Urdaibaiko Turismo Jasangarriaren Europako Gutunaren —TJEG— Foro Iraunkorra 2025-2029 aldirako estrategia berria prestatzen hasteko ezohiko bileran bildu da, Busturiko Madariaga Dorretxean. Aurten bukatuko da aurreko planaren epea, eta astelehenean [ekainak 3] egindako bilera horren inguruan hausnartzeko eta eztabaidatzeko baliatu zuten, hurrengo planeko ekintza eta erronkei begira.
Indarrean dagoen plana amaitu aurretik, errepasoa egiteko aprobetxatu zuten ezohiko bilkura. Topaketa arintzeko asmoz, aldez aurretik inkesta osatu zuten Foro Iraunkorra osatzen duten kideek; izan ere, TJEGren Foro Iraunkorra 39 kidek osatzen dute, tartean, tartean, Urdaibaiko garapen turistikoagaz konprometituta dauden pertsonek eta erakundeek, enpresek, elkarteek, tokiko garapeneko taldeek eta administrazioek. Azaldu dutenez, lurraldearen garapen iraunkorragaz konprometitutako “ildo estrategiko berriak” bideratzeko “oso garrantzitsuak eta aberasgarriak” izango diren emaitzak lortu dituzte.

Argazkia: Urdaibai Basque Reserve
Gogoratu dutenez, amaitzear dagoen plana 47 ekintzagaz hasi zen, baina 45ekin amaituko da: “Ekintza batzuk kendu egin dira, beste batzuk gehitu, eta batzuk hurrengo aldira atzeratu”. Hala ere, erakundeen ia %80a planaren gauzatze.mailagaz “pozik” agertu da, beraien aurreikuspenak bete direla uste dutelako. TJEGk eskualdeari ekarritako onuren artean, bestalde, hiru dira kideek nabarmendu dituztenak: jarrera jasangarriak sustatzean harremanak sortzea, eskaintza turistikoa hobetzeko eragileen arteko elkarrizketa indartzea eta jarduera komunen garapenean elkarlanean jardutea.
Era berean, enpresen onurak ere aztertu dituzte; lurraldearekiko, ekoturismoarekiko eta jasangarritasunarekiko “konpromiso handiagoa” sortzea, enpresak turismo jasangarriaren garapenarekin duen konpromisoagatik bereiztea eta, turismoa kudeatzen duten erakundeen arteko
lotura indartzea izan dira positiboen baloratu diren onurak. Halaber, kezkak bideratzeko eta administrazio tramiteak arintzeko, erakunde kudeatzaileen arteko harremana “hobetu” egin dela azpimarratu dute Foro Iraunkorreko kideek.
Nazioarteko aintzatespena.
2020-2024 aldirako planaren helburu estrategikoei dagokienez, “oso balorazio positiboa” eman diote Urdaibai markaren ikusgarritasuna eta posizionamendua hobetu eta “ekoturismoaren ildotik zuzen bideratutako azpiegitura eta zerbitzu turistikoak sustatzeari”. Modu berean, nabarmendu dute Urdaibai dela turismo jasangarriaren arloan nazioarteko aintzatespena duen Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako helmuga bakarra: “Akreditazio hau, berez, ekoturismoaren printzipioetan oinarritutako turismoa garatzeko ibilbide-orri bat da, ingurumenarekiko, gizartearekiko eta ekonomiarekiko begirunean oinarritua”. Azaldu dutenez, 2025-2029 plan berriaren diseinua gidatuko du, eskualdea “Euskadin turismo-helmuga jasangarri, kalitatezko eta arduratsu gisa bultzatzeko”.