Gazteen ahotsa entzun dute Gautegiz Arteagako udal foroan
Montorre Herri Eskolako ikasleek Gautegiz Arteagako diagnostikoa egin dute Agenda 2030eko udal foroan. Hala, herrian beharrezkoak diren hobekuntza lanak proposatu dizkiote Patrik Saitua alkateari.
Eskola Agenda 2030 ekimenaren baitan, Gautegiz Arteagako udal foroan parte hartu zuten Montorre Herri Eskolako ikasleek. Hala, Patrik Saitua Gautegiz Arteagako alkateari aurkeztu zizkioten ikasturtean zehar gauzatutako proiektuak, eta herrian burutzeko hobekuntza proposamenak ere bai.
Besteak beste, herriko instalazioen egoerari buruz aritu ziren; esaterako, udalerriko skate parkea handitzeko proposamena luzatu zioten alkateari, baita udalerrian apurtuta dauden zakarrontziak ordezkatzeko eskaera ere. Eskola inguruari dagokionez, eraikuntzan zenbait gauza konpontzeko beharra jakinarazi zioten, hala nola jolasguneko sare bat ordezkatzeko, baina, era berean, inguru horretan udalak ibilgailuen joan-etorriak geldotzeko ahalegina eskertu zuten ikasleek, izan ere, horretarako seinaleztapenak jarri ditu udalak bertan. “Iazko udal foroan inguru horretan ibilgailuen joan-etorria gelditzea eskatu zuten, eta halaegin genuen. Erakutsi gura izan diegu kasu egiten diegula euren eskaeriei, horiek ere kontutan hartzen ditugula, alegia”, azaldu du Saituak.
Umeen ikuspuntua aintzat hartzea “beharrezkoa” dela diote udal ordezkariek, nagusiek ikusten ez dutena ikusten dutelako eurek. “Urtero egiten dugu batzarra, eta euren ikuspuntutik guk ikusten ez ditugun gauzak ikusten dituzte. Eskolan egiten dute aurkezpen bat, eurek Agenda2030 ekimena babesteko egiten dituzten ekintzak azalduz. Horrela, udalera etortzen dira zelako arazoak ikusten dituzten esatera”, azaldu du Saituak, eta udal foroen garrantzia berretsi du.
Hala, proposamenak egitea eskertu eta udal forotik aparte ere, beste eskaera edo proposamen batzuk izanez gero, udaletxera berataratzera gonbidatu ditu gazteak: “Umeak udaletxean ikustea ez da ohikoena izaten, baina beste zerbait behar izanez gero abisatzeko eta udaletxera bertaratzeko esan nien”.
Agenda 2030aren bitartez egiten den lanak akast konkretuetatik harago doan balioa dauka. Izan ere, gazteen mezuak ingurugiroagaz, osasunagaz, iriste erraztasunagaz edota aisialdi didaktikoagaz lotuta daude. Balore positibo horiek sendotzeko balio du ekimenak, eta horren garrantzia aintzat hartuta, urtero-urtero udal foroan batzen segitzeko konpromisoa hartu du alkateak.