Belaunaldien arteko une aberasgarriak
Sagrado Corazoneko ikasleek Sancti Spiritus zaharren udal egoitzako egoiliarrak bisitatu dituzte urriaz geroztik. 'Belaunaldien arteko uneak' programa nagusi zein gazteentzat "aberasgarria" dela adierazi dute arduradunek.
Beste urte batez, Sagrado Corazoneko ikasleek eta Sancti Spiritus zaharren udal egoitzako egoiliarrek denbora librea partekatu dute. Egoitzatik 2016an hasi ziren Belaunaldien arteko uneak programa lantzen ikastetxeagaz batera, eta, geroztik, DBH4jko ikasleak astean behin joaten izan dira egoiliarrekin egotera. Ikasturte honetako bisitaldiak urrian hasi ziren, eta aste honetan amaitutzat eman dituzte.
Ikasleak eta egoiliarrak 7-9 pertsonako taldeetan elkartzen dira, eta askotariko ekintzak egiten dituzte. Ekintzak ez dira beti berdinak izaten, parte hartzaileen gogo eta interesak kontutan hartzen baitituzte. Arduradunek azaldu dutenez, belaunaldi ezberdinen arteko programak “bitartekari oso onak” dira adin ezberdinetako jendeak elkarrengandik ikasteko: “Belaunaldi bakoitzak daukana jartzen du, dakien dena, dituen baloreak eta ezagutzen dituen esperientziak elkarbanatuz”.
Belaunaldien arteko uneak programak helburu zehatzak dituela adierazi dute, hala nola, egoiliarren oroimena lantzea, gure ohiturak, hizkuntza eta historia transmititzea, komunikazioa lantzea, giza trebetasunak eta harremanak hobetzea eta egoiliarren gogoa hobetzea. Era berean, egoiliarren parte hartzea lortu eta ikasleen enpatia eta tolerantzia areagotzea ere bilatzen dute arduradunek. Izan ere, topaketetan “belaunaldi ezberdinen arteko loturak sortzen eta lantzen” saiatzen dira, “aurreiritzi eta estereotipoen gutxitzea sustatuta”.
Arduradunen hitzetan, bisitak “oso aberasgarriak” izaten dira nagusi zein gazteentzat, “elkarrengandik gauza asko ikasten dituztelako eta momentu politak eta dibertigarriak bizitzen dituztelako”. Egoiliarren gogobetetze maila “oso altua” izaten dela nabarmendu dute Sancti Spirituseko arduradunek. Ikastetetxekoek, berriz, ikasleentzat topaketak “positiboak” direla azpimarratu dute: “Saio bakoitzaren ondoren, eta azken ebaluaketa egiterakoan, proiektuan parte hartu duten guztiek, ikasleak egoitzara etortzea positiboa dela diote, eta pozik egoten dira ikasleak etortzeko egunaren zain”.
Programa martxan jarri zutenetik ikasle guztiekin izandako esperientzia “ezinhobea” izan dela adierazi dute proiektuko arduradunek, eta bereziki, aurtengo ikasleen “sinpatia eta inplikazioa” nabarmendu nahi izan dute: “Ikasleek jarrera oso parte hartzailea izan dute, eta egoiliarrak oso pozik sentitu dira eurekin”.