EAJk Gernikan gogoratu du 80 urte daramatzala “bakean” bizi den Europaren alde egiten
EAJko ordezkariek atzo (ekainak 3) Gernikan esan zutenaren arabera, Europaren baitan lortuko dute Bizkai, Araba eta Gipuzkoak euren askatasuna. Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak, Iñigo Urkullu lehendakariak eta Oihane Agirregoitia EAJren eta CEUSen Europako Hauteskundeetako zerrendaburuak Gernika-Lumoko ekitaldi politikoan parte hartu zuten.
“80 urte daramatzagu Europar Batasunaren eragile aktibo izaten, lehenengo egunetik. Ze, gure aurrekoek hasierako urratsetan parte hartu zuten, eta Europar Batasuna den hori sortzeko bileretan izan ziren. Europako hastapen horretan ikusten zutengure herriak diktadura frankistan bizi zuen askatasun demokratiko eta nazionalik ezaren konponbidea”. Hala esan zuen atzo EAJk Gernika-Lumon egindako ekitaldi politikoan Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak.
80 urte hauetan Europa dela “bizi kalitaterik onena” duen eremua esan zuten, “desberdintasun gutxien” duena, herritarren eskubide zibil eta sozialak “hoberen” bermatzen dituena, “demokrazia sendoen” finkatuta dagoen eremua. Horregatik, garratzitsua dela Bruselan “presentzia indartsua” izatea esan zuen Oihane Agirregoitia EAJren eta CEUSen Europako Hauteskundeetako zerrendaburuak, “Euskadik Europari ekarpena egin diezaion eta Europak ere Euskadiri ekarpena egin diezaion”. Horretarako, etorkizuneko erronkei aurre egiteko “estrategikoki subiranoa” izango den Europa baten alde egin zuen Agirregoitiak.
Azpimarratu zuen EAJko emakume eta gizonek “bakean eta demokrazian sinesten” dutela: “Beti defedatuko ditugu giza eskubideak, eta salatu egingo dugu edozein eraso, Putinen eta Netanyahuren aurrean, baita Hamasen aurrean ere”. Ildo horretan, nabarmendu zuen Europak estrategikoki subirano izan behar duela, eta horretarako, uste du Europak ezabatu egin behar dituela beste herrialdeekiko dituen menpekotasunak. “Europa ezin da egon Estatu Batuen, Txinaren edo gorabidean dauden herrialdeen menpe. Autonomia estrategikoa behar dugu elikagaietan, segurtasunean, lehengai estrategikoetan, energian… Batasunaren subiranotasun estrategikoa, herritarren babesean oinarritutakoa”.
Hautagai jeltzaleak, gainera, energiaren arloan EAJren programan jasotako hainbat proposamen zerrendatu zituen, hala nola baterien ekoizpena eta biltegiratzea babestea edo energia alternatibo eta berriztagarri horiei buruzko ikerketa bultzatzea.
Urkulluk, bere aldetik, esan zuen EAJk “bakea, memoria, giza eskubideak eta bizikidetza defendatzen” dituela, Bruselatik, Bizkai, Araba eta Gipuzkoatik, eta Gernikatik. “Gure ibilbidea eta konpromisoa irmoak dira: bakea, memoria, giza eskubideak eta bizikidetza defendatzen ditugu, Bruselatik, Euskadiko herri guztietatik, Gernikatik”, ziurtatu zuen Urkulluk.