Coworking gela izango du Gautegiz Arteagak
Ekainaren bigarren hamabostalditik aurrera lan egiteko partekatutako gune bat izango du Gautegiz Arteagako Udalak. Sei lanpostu eskainiko ditu, Internetarako konekzioagaz eta bilerak egiteko espazio osagarri bategaz.
Gautegiz Arteagako Udalak lan egiteko partekatutako gune baten alde egin du, eta coworkingerako espazio bat gaituko du udaletxeko azken solairuan ekainaren erdialderako. Gela horrek jarduera profesionala hasten ari diren autonomoei bertan lan egiteko aukera eskainiko diela adierazi du Patrik Saitua herriko alkateak, baita telelana egiteko espazioa izango dela ere.
“Coworkinga goranzko joeran doan lan modalitate bat da, eta aukera ematen die gazte ekintzaileei eta ETEei euren proiektu profesionalak garatzen hasteko leku bat izateko”, adierazi du Saituak. Nabarmendu duenez, mundu globalizatu honetan, hiri handiak dagoeneko ez dira lanaren epizentroa, eta pandemia garaitik telelana egiteko aukera igo baino ez da egin. Hala, Saituak dio lan egiteko partekatutako guneak izateak “bizi kalitatean eta iraunkortasunean” eragin zuzena daukala: “Zure herritik bertatik lan egin ahal izateak bizi kalitatea eta iraunkortasuna sustatzen ditu, eta gure helburua da zerbitzuak herrian batzea, Gautegiz Arteaga herri bizia, erakargarria eta etennik barik aurrera egiten duena izateko”. Horretarako, ezinbestekoa dela jarduerak sustatzea azpimarratu du.
Gune berria udalerrian jarduera ekonomikoa sustatzeko helburuagaz egingo dute, eta udaletxeko azken solairuan egokituko dute hori, 08:00etatik 15:00etara arteko ordutegian. Ziurtatu dute behar bezalako altzariez hornituta egongo dela: mahaiak, aulkiak, kaxoiak, altzariak etabar izango ditu. Hain zuzen ere, sei lanpostu eskainiko ditu, Internetarako konekzioagaz eta bilerak egiteko espazio osagarri bategaz.
Erreserbak.
Udalak zerbitzu berri hau eskainiko die lan egiteko “leku eroso, moderno eta lasaia” behar duten pertsona guztiei, baina horretarako, lan espazioa erreserbatu beharko dela jakinarazi dute. Kudeaketa hori hilaren 10etik aurrera egin ahalko da, udaletxean bertan.
Udaleko coworking gelako erreserbak puntualak edo epe ertain-luzekoak izan daitezke. Eta interesdunek eskaera bat bete eta erreserbaren xedea adierazi beharko dute, hau da, telelana den edo enpresa ekintzailetzako ekimen bat den zehaztu beharko dute, baita erreserba aldia zenbatekoa izango den ere. Bestalde, bilera gelako erreserbak Gautegiz Arteaga Zabaltzen udal aplikazio mugikorretik egin beharko dira.