221 kilo elkartasun
120 lagunetik gora bildu ditu II. Bermeo Bizi Festak. Gainera, 221 elikagai kilo batu dituzte Bizkaiko Elikagai Bankuarentzat.
Txirrindularitzarekiko zaletasuna bultzatzeko eta elkartasuna hauspotzeko asmoz egin zuten iragan domekan [ekainak 1] II. Bermeo Bizi Festa. San Martin auzoak hainbat eta hainbat herritar hartu zituen, bizikleta ibilbide herrikoiaz eta osteko jarduerez gozatu zutenak. Matxitako Txirrindularitza Taldeko antolakuntzako kideek azaldu dutenez, “uste baino jende gehiago” animatu zen egitasmoan parte hartzera: “Antolatzaileok ia-ia murritz ibili ginen, jendetza elkartu baitzen; pozarren gaude bermeotarrek emandako erantzunagaz. Lehen aldian 75 bizikleta inguru zenbatu genituen ibilbidean; aurten, ostera, 120tik gora“.
Bizikleta ibilbidearen ostean, puzgarriak, bizikleta jokoak edota aurpegi margotzailea eduki zituzten helmugan
Izena emateko, baldintza bakarra ipini zuten: Bizkaiko Elikagai Bankuarentzako produktuak eroatea. Herritarrak elkartasun eta konpromiso eredu izan ziren, osotara 221 kilo elikagai bildu baitzituzten. 11:00ak inguruan zortzi kilometroko bizikleta ibilbidea egin zuten Bermeoko auzoetan barrena. Behin helmugaratuta, puzgarriak, bizikleta jokoak edota aurpegi margotzailea eduki zituzten helmuga eremuan bertaratu ziren guztiek.
Egonkortuta.
Iazko estreinaldiaren eta aurtengo ekitaldi “arrakastatsuaren” ondoren, antolatzaileek hurrengo urtean “errepikatzeko asmoa” dutela aurreratu dute. Iaz, ekimena Serrats Aldapa Xtrem Bike Marathon mendi bizikleta lasterketagaz batera egin zuten, baina aurten biak bereiztea erabaki dute, elkartasun jaia “umeen ikasturte barruan” egiteko. Lasterketari dagokionez, uztailaren 6an egingo dute.