Asier Galarza da Argi Baltza lehiaketako lehen finalista
Lehenengo kanporaketako garaipenagaz, Muxikan ekainaren 22an lehiatuko den finalerako zuzeneko txartela eskuratu zuen bertsolari muxikarrak.
Gautegiz Arteagako kultur etxea bete egin zen atzo (ekainak 2) Argi Baltza Bertsolari sariketako lehenengo kanporaketaz gozatzeko. Asier Galarza muxikarra, Eneko Aldana foruarra, Gorka Pagonabarraga, Ekhiñe Zapiain, Paula Amilburu eta Igor Galartza aritu ziren bertsotan, eta horien artean Galarza gailendu zen.
Lehenengo kanporaketako garaipenagaz, Muxikan ekainaren 22an lehiatuko den finalerako zuzeneko txartela eskuratu zuen bertsolari muxikarrak. Izan ere, kanporaketa bakoitzeko irabazleak zuzenean sailkatuko dira finalera, eta beste hirurak puntuazioaren arabera erabakiko dira.
196 puntu lortuta irabazi zuen kanporaketa Galarzak, eta berak baino 10 puntu gutxiago bildu zituen bigarren sailkatu zen Pagonabarragak (186 puntu). Zapiain izan zen hirugarren sailkatua 181,5 puntu bilduta eta berak baino bederatzi puntu eta erdi gutxiagogaz sailkatu zen laugarren Aldana. (172). Galartzak 168 puntu lortu zituen, eta puntu erdi gutxiago, berriz, Amilburuk.
Aitor Etxebarriazarraga iazko bertso txapelketako irabazlea izan zen saioa gidatzeaz arduratu zena, eta saio polita eskaini zuten bertsolariek.
Hurrengoa, Ajangizen.
Gautegiz Arteagatik Ajangizera joango dira aste honetan, eta udal frontoira bertaratzeko deia egin dute antolatzaileek. Bertan ariko dira domekan (ekainak 9), 18:00etatik aurrera, Beñat Bilbao eta Janire Arrizabalaga gernika-lumotarrak, Xabat Illarregi, Maddi Aiestaran, Irantzu Idoate eta Izaro Bilbao.