"Hasieratik amaierara arte entzun behar den diskoa da"
Bedaronako kide batez eta lau zornotzarrez osatutako musika taldea da Eztandap. ‘Eta ni begira’ diskoa kaleratu dute, eta horren inguruko zantzuak azaldu ditu Asier Goikoetxeak.
Lagun talde baten fruitua da Eztandap taldea. Euren bigarren diskoa aurkeztu berri dute, eta kontzertuz betetako udaren atarian daude. Hazten jarraitzeko gogoz daudela aitortu du Asier Goikoetxea bedarutarrak.
Proiektuaren erroetara joz, nola jaio zen Eztandap?
Asier Fernandez eta biok unibertsitatean elkar ezagutu genuen. Musikarekiko zaletasunak bultzatuta, beste ikaskide batzuekin hasi ginen talde bezala entseatzen. Denborak aurrera egin ahala, musikari desberdinak pasatu ziren lagun talde hartatik, eta pandemia etorri orduko sendotu ginen Eztandap talde bezala.
Zeintzuk izan ziren zuon lehenengo pausoak?
Taldea sendotuta, Zornotzatik iritsi zitzaigun proposamen batean jarri genituen gure lehen haziak. Bertoko kanta zaharren disko batean parte hartzeko aukera luzatu ziguten, eta bi abestitan parte hartu genuen.
5 urte baino gehiago pasatu dira proiektu hartatik, eta talde bezala aurkeztu duzuen bigarren diskoa duzue esku artean. Nolakoa da Eta niri begira lana?
Disko dibertigarria eta entzungarria dela esango genuke. Hard rocketik hurbil dagoen lan batetik gatoz, eta, oraingoan, lan lasaiago bat egiten saiatu gara, soinua garbitzen. Instrumentu bakoitzari bere momentua eskaintzen jarri ditugu ahaleginak, eta entzungarriagoa den proiektu bat sortu dugula esan daiteke. Rockeroa dela uste genuen, baina, grabaketa prozesuan esan zigutenagatik, pop rocketik hurbil egon daiteke. Indibidualki zein talde bezala hobetu dugula uste dut.
Lehenengo diskotik aldenduz joan zareten heinean, zein hausnarketa egin dituzue?
Lan egiteko modua aldatu dugula esan dezakegu: konposatzeko eratik hasita, grabatzeko erara arte. Gainera, lehenengo lanaren grabaketa lanetan genbiltzala, pandemia iritsi zen, eta oso arraroa izan zen prozesua. Egoeraren ondorioz, denboratxoa egon ginen zuzenekorik eman gabe, eta sorkuntza prozesuan murgildu gara.
Beraz, nola aldatu duzue lan egiteko era?
Konposaketa prozesua, esaterako, denon arteko lana izan da. Bakoitzak bere kabuz lan egin ordez, taldelanean aritu gara. Bakoitzari bere unea eskaintzeaz gain, denon arteko lotura osatzen saiatu gara, eta soinua batzea izan da gure helburu nagusia. Lan horren ondorio da egin dugun kalitate jauzia.
Zer transmititu nahi zenuten disko honekin?
Letra gehienak Asier Fernandezek sortzen ditu. Hori argituta, eta denon arteko hausnarketa egin ostean, esan daiteke kritika sozialetan oinarritzen den diskoa dela. Hala ere, ez da manifestu baten antzerakoa: arlo pertsonaletik eta norberaren pentsamenduetatik ateratako kritikak dira.
Nevadah taldeko Ekhi, Suako Ane eta Felineko Bainik kolaboratu dute diskoan. Zer bilatu duzue abesti horietan?
Guretzat plazerra izan da eurekin lan egitea. Alde batetik, aspaldiko laguna den Ane bezalako ahots bat izatea ikaragarria izan da. Haizea ematen die abesti desberdinei, eta diskoari osotasuna ekarri dio; Aneren ahotsa izugarria da, asko gailentzen da. Baini eta Ekhi ere hurbileko lagunak dira, eta izugarri ondo pasa genuen elkarregaz grabatzen. Beste ukitu bat eman diote gure bigarren lanari.
Nolakoa izan zen lau eguneko grabazioa?
Silvers Recording estudioan grabatu genuen Capsula taldeko Martin Guevararekin, eta ikaragarri ondo joan zen. Heldu ginen lehen unetik hurbiltasuna sentitu genuen, eta asko erraztu zizkigun gauzak: makina hutsa da. Grabatzeko era ere asko gustatu zitzaigun: ahotsa alde batetik grabatu arren, gainontzekook elkarrekin grabatu genuen. Une konkretuetan bere aholkuak jasoz eta zalantzak genituen ataletan laguntza hartuz, taldelan ederra egindugula sentitzen dugu.
Diskoa kaleratzea berriz modan dagoela dirudi. Formatu horretan sinisten al duzue?
Joan den urtean abesti bi atera genituen arren, argi geneukan oraingoan disko formatuarekin jolastu nahi genuela. Garrantzitsua iruditzen zaigu diskoa hasieratik amaierara arte entzutea: abestien ordena nahita dago horrelaxe antolatuta. Gainera, soinu aldetik ere jarraipena dagoela uste dugu. Formatuari dagokionez, badakigu egun plataformen bidez kontsumitzen direla abestiak, baina diskoa kaleratzeko gogoa geneukan.
Disko osoa entzuten duenak nolako bidaia egingo du abestien bitartez?
Riff erritmo dibertigarriarekin murgilduko da entzulea disko honetan. Lehenengo abestiak nahiko rockeroak dira, eta Ekhik eta Bainik kolaboratzen duten abestiarekin goia jotzen da erritmoari dagokionez. Bukatzeko, balada bat aukeratu dugu. Gainera, azkenengo abestitik hasierakora ere zentzuzko lotura bat dagoela iruditzen zaigu.
Bideokliparekin ere animatu zarete. Nolako garrantzia dute ikus-entzunezkoek?
Gaur egun ezinbestekoak direla sumatzen dugu. Entzulearen arreta lehen aldiz lortzeko momentuan oso garrantzitsuak dira; ezagutzen ez zaituen entzulearengana heltzeko modu interesgarria da. Momentuz, Gaur ere abestiaren bideoklipa baino ez dugu filmatu, baina beste abesti batzuen ikus-entzunezko lana sortzeko aukera ez dugu baztertzen. Alde horrekin jokatzeko gogoa dugu.
Izan al dituzue blokeo momentuak?
Noski baietz. Badaude stand by egoeran egoten diren abesti batzuk, eta horien inguruko eztabaidaren bat edo beste izaten dugu. Baina, bost garenez, bozketa eginda hartzen ditugu erabakiak.
Nolako taldea zarete oholtza gainean?
Ondo pasatzeko gogoa transmititzen duen taldea gara; talde dinamikoa gara. Hasi ginenetik, aurrerapausoak eman ditugula sumatzen dugu. Material aldetik ere hobekuntzak izan ditugu, eta sarri ikusi gaituen jendeak askotan esaten digu hobekuntza ikusten dela. Soinu kalitateak gora egin duen heinean, gure trebetasunak ere gora egin du.
Beraz, udako kontzertuetarako gogoz egongo zarete.
Jakina baietz. Hurrengo asteetan hainbat kontzertu eskainiko ditugu Euskal Herrian. Aurton, gainera, Eako eta Zornotzako jaietan joko dugu, eta horrek ilusio handia eragiten digu.