Berriki gertatutako eraso matxistak elkarretaratzean gaitzetsiko dituzte
Mundakan erasoaldi matxistak eman dira oraintsu, eta udalak horiek arbuiatzeko irakurketa plazaratu du. Gaur [maiatzak 31], elkarretaratzea egingo dute herriko plazan, eta mundakarrei bertaratzeko deialdia luzatu diote.
Herrian berriki emandako eraso matxistak direla eta, Mundakako udal gobernu taldeko ordezkaritzak horiek “sutsuki” gaitzesteko irakurketa plazaratu du, eta “biktimen nahiz beren hurrekoen eskura” ipini dituzte udalaren eskumeneko baliabide guztiak. Giza eskubideen urraketa izateaz harago, argi eta garbi utzi dute eraso matxistak “emakumeen osotasun fisiko zein moralaren” aurkako jarduerak direla eta, horrenbestez, horiek arbuiatzeko eta tankerako jarreren kontra “lanean gogor jarriatzeko” hautua berretsi dute.
Udalak, hain zuzen ere, protokolo espezifikoa dauka horrelako gertakizunak “anonimotasunetik eta konfidentzialitatetik” lantzeko, eta protokolo hori abian ipini dute kasu honetan ere. Ez hori bakarrik: pareko jokabideek herrian “inongo tokirik” ez dutela salatzeko, mundakarrei gaur [maiatzak 31] herriko plazan egingo duten elkarretaratzean parte hartzeko deialdia egin diete; 19:00etan izango dela aurreratu dute.