Webgune berria dauka Sukarrietako Udalak
Azken hilabeteetan lanean aritu ondoren, Sukarrietako Udalak webgune berria estreinatu du. Plataforma “modernoagoa” dela adierazi dute udal ordezkariek, “argiagoa, intuitiboagoa eta erabilgarriagoa” dela nabarmenduz. Bertan, udalari buruzko gai interesgarriak jarriko dituzte, herritarrei horien berri emateko asmoz.
Orain arte legez, www.sukarrieta.eus helbidean aurki daiteke webgunea, atalka banatuta. Izan ere, herritarrek informazioa “modu erraz eta arinean” aurkitzea lehenetsi dute, edukiak berrantolatuz. “Horrela, webgunearen goiburua mantendu da, aldizka informazio garrantzitsua duten hainbat irudi tartekatzen dituena”, azaldu dute ordezkariek. Albisteen atalak eta agendak hasiera orrian egoten jarraitzen dute, baina orain “diseinu garbiago eta argiago” bategaz.
Berritasuna da Klik batean atala, hainbat sarbidea errazten duena. Horrez gain, weborria eta horren eduki guztiak edozein gailutara (mugikorrak, tabletak, etab.) egokitzea lortu dutela nabarmendu dute, nabigazioa “erosoagoa” izan dadin.
Udal ordezkariek jakinarazi dute gobernu taldeak Sukarrietako gobernu planean jasotako konpromisoen artean dagoela webgunea berritzearena. Hain zuzen ere, webgunea berritzea 105. neurriari dagokiola zehaztu dute.