Produktuen kalitate aparta eta langileen tratu ona saritzen dituen proiektua
Nik Gernikan Merkataritza eta Ostalaritza Sariak antolatu dituzte laugarrenez Gernika-Lumoko Merkatari, Ostalari eta Zerbitzu Enpresen Elkarteak eta Gernika-Lumoko Udalak. Uztailaren 15ra arte eman daiteke izena lehiaketan.
Zenbaki aldetik, behintzat, osasuntsu daude Gernika-Lumoko merkataritza eta ostalaritza sektoreak. Herrian presentzia duten negozioak dira, eta kaleetan giro aparta sortzeaz arduratzen dira behin baino gehiagotan. Gernika-Lumoko Merkatari, Ostalari eta Zerbitzu Enpresen Elkarteak eta Gernika-Lumoko Udalak negozio horiek egiten duten lana saritu nahi dute “Nik Gernikan Merkataritza eta Ostalaritza Sarien” laugarren aldian.
“Ekimen horren bidez, merkataritza jardueraren aitorpena egin nahi da, eta hiriko merkataritza sektorearen irudia berritzen, modernizatzen, sustatzen eta hobetzen laguntzen duten enpresen kalitatea sustatzea bilatzen dugu. Gaur egun, sektore horrek 750 lanpostu sortzen ditu, eta 400 lokal baino gehiago ditu irekita”, azaldu dute antolatzaileek.
Jon Lejarraga Merkataritzako zinegotziaren ustez, herriko merkataritza eta ostalaritza sareko profesionalek egiten duten lan bikaina balioan jartzeko aukera bat da. Eskaintzen dituzten produktuen kalitatea eta bezeroei ematen dieten tratu ona nabarmentzea ere bilatzen dute sari horien bitartez.
Lehiaketaren ibilbidea.
2018ko Gernika-Lumoko Merkataritza Biziberritzeko Plan Bereziaren emaitza dira Nik Gernikan Merkataritza eta Ostalaritza Sariak. Jakinarazi dutenez, aurton lau sari banatuko dituzte, eta bakoitza 1.000 eurokoa izango da. Aurreko edizioan, honako hauek izan ziren irabazleak: “Merkataritza Berritzailea” Irazabal burdindegiak irabazi zuen, “Auzoko Merkataritza” Iñaki Gorostiza Arraindegiak, “Ostalaritza Saria” Zeppelin Tabernak, eta “Merkataritza Ibilbidea” La Elorrianak.
Aipatutako sarietako bat lortu nahi dutenek, eskabidea eta jardueraren azalpen memoria aurkeztu behar dituzte. Saria jasotzeko egin dituzten merituak azaltzeaz gain, zein kategorietan parte hartu nahi duten azaldu behar dute. Uztailaren 15era arte aurkeztu ahal izango da lehiaketara, udaleko HAZ zerbitzuan. Hala ere, inskripzioa formalizatzeko merkatariak eta ostalariak Merkataritza Bulegoarekin ere jar daitezke harremanetan, 94 625 79 40 telefonoan edo helbide elektroniko honetan: gatc@gernika-lumo.eus
Epaimahaiaren erabakia “Nik Gernikan” izeneko galan argitaratuko da, azaroaren 28an.