Mundakako frontoia, kolore berdez azkenik
Mundakako Udaleko gobernu taldetik aditzera eman dutenaren arabera, herriko pilotalekua margotu egin dute. 2023. urteko abenduan ipini zuten abian herritarrentzako galdetegi prozesua, mundakarrek frontoia zein koloretan margotu gura zuten jakite aldera. Azkenean, proposatutako koloreen artean berdea gailendu da, aukera horrek eskuratu baitu babesik handiena.
Hori horrela, udaleko Obra, Zerbitzu eta Mantenu sailak herritarren hautua gauzatu du, eta atzo [maiatzak 29] borobildu zituzten obrak. Frontoia, lurzoruko lerro guztiak eta frontisa margotu dituzte, azken hori grisez.