Euskal Herria eta Australia batzen dituen bazkarian elkartuz
Australiaren eta euskal kulturaren arteko harremana sendotzeko helburua duen bazkaria antolatu du ekainaren 10rako Euskal Australiar Alkarteak. Izena emateko epea irekita dago
Australiaren eta euskal kulturaren arteko harremana sendotzeko helburuarekin jaio zen 2018an Euskal Australiar Alkartea. Horrez gain, Australiara joan ziren euskaldunen lanari buruzko informazioa ezagutaraztea eta zabaltzea ere bilatzen dute elkartekideek. Horri tiraka, herritarren arteko senidetasun bazkariak antolatu izan dituzte –2018, 2019, 2022 eta 2023an–, eta aurten ere batuko dira. Hurrengo zapatuan [ekainak 8] jarri dute hitzordua Gernika-Lumoko Zallo Barri Jatetxean, eta bertaratu gura dutenek izena eman behar dute.
Izena emateko ordainketa egin beharko da Laboral Kutxan, eta automatikoki apuntatuko zaie bazkarian. Dudaren bat izanez gero, euskalaustraliaralkartea@gmail.com helbidea edo 665 73 02 87 telefono zenbaia daude eskuragarri. Elkarteko bazkideek 38 euro ordaindu beharko dituzte, eta gainontzekoentzako prezioa 48 eurotakoa izango da. Momentuz, 70 lagun inguruk eman dute izena–urtero egoten diren 80 lagunetatik hurbil–, eta 100 pertsona hurbildu ahal izango dira gehienez. Ekainaren 1a izango da izena emateko azken eguna.
Euskal Australiar Alkarteko kideek parte hartzeko deia egin diete herritarrei, Australian egon zirenei, etorri zirenei eta bi kulturei buruz jakin nahi duen guztiei. Izan ere, asko izan ziren Busturialdetik eta Lea-Artibaitik Australiara joan zirenak eta urteak igarota herrira bueltatu zirenak. Beste batzuk kontinente berrian geratu ziren. Eta, orain, emigratu zutenek bi herrialdeetan bizitakoak ezagutarazi gura dituzte. Izan ere, Euskal Herritik Australiara lan egitera joan eta handik Euskal Herrira itzultzeko bidea hartu zuten horien bizipenak batzen ari dira Euskal Australiar Elkarteko kideak.
Euskal Australiar Alkartetik azaldu dutenez, Euskal Herriko Unibertsitatearen eta elkartearen arteko komunikazioa “etengabekoa” da. Horren emaitza izan da, esaterako, Basques in Australia erakusketa ibiltaria, zein Euskal Herriko hainbat txokotatik pasatu den, eta hurrengo hilabeteetan pasatuko den.
Gainera, gogoratu dute abuztuak elkarteko 40 lagunek bidaiatuko dutela Australiara, eta bidaia antolatzeko batzarretan dabiltzala argitu dute.