Eskola komunitatearen jaian elkartuko dira Montorren
Gautegiz Arteagako eskolan dauden familien, eta bertatik igaro diren ikasle eta irakasleen jaia ospatuko dute zapatuan, Gautegiz Arteagako Montorre eskolan. 178 pertsonak izena eman dute bazkarirako, eta antolatzaileak "oso pozik" agertu dira.
Gautegiz Arteagako eskola komunitatearen jaia ospatuko dute zapatuan, Montorren. Bertan dauden familien zein eskolatik igaro diren ikasle eta irakasleen jaia izango da, herriko eskola sortu zenetik gaur egunera arte bertatik igaro diren guztien festa.
Belaunaldi asko pasatu dira herriko eskolatik, eta zapatukoa guztiak elkartzeko aukera ederra izango dela aurreratu dute antolatzaileek, festa giroan batzekoa. Hala, eguerditik arratsaldera arte denetariko ekintzak prestatu dituzte.
Pregoia bota eta txupina jaurtita hasiko da jaia, eta urte luzez eskolan egindako ekitaldiak, egindako lagunak, jaiak edota bestelakoak gogoratzeko jarriko duten argazki erakusketa ikusteko aukera izango dute bertaratzen direnek orduan. Hala, ikasle edo irakasle oihen eskola garaiak gogora ekarriko dituzte.
Bide batez, gaur egungo eskola bisitatzeko aukera izango dute gura dutenek, eta ostean, kalejiran joango dira eskolatik plazara, han trikipoteoan batzeko.
Elkarregaz bizitako momentuak gogoratzeko eta partekatzeko momentu aproposa izango da bazkaria, eta asko izango dira mahaigainean jarriko dituzten pasadizoak. Ze, 178 pertsonak izena eman dute bazkarirako, eta antolatzaileak “oso pozik” agertu dira jendearen erantzun horregaz. Jan eta gero, festak ez du etenik izango, zozketak, bingo musikatua edota jolasak egingo dituztelako. Gero, txosna zabaldu eta Xaiborren disko festaz gozatzeko aukera izango dute.
Eskola eta filma, uztartuta.
Eskolako jaian zapatuan elkartu aurretik, baina, eskolarekin lotura daukan ikus-entzunezkoa ikusteko aukera egongo da barikuan, 19:00etatik aurrera, Aretxederreta kultur etxean. Bertan, El maestro que prometio el mar filma proiektatuko dute, eta antolatzaileek esan dutenez, eskolarekin harremana dauka, ze filmean agertzen diren inprenta motak eta “multikopistak” eskolarako Jose Luis maisuak erositakoak dira, ondoren pelikulan agertzen den museora emandakoak.
Egitaraua.
11:30. Ongi etorria.
12:00. Pregoia, txupinazoa eta argazki erakusketa.
12:30. Montorre Tour-a.
13:00. Kalejira eskolatik plazara.
13:30. Triki poteoa tabernetatik.
15:00. Bazkaria.
17:30. Zozketak, bingo musikatua eta jolasak guztiontzat. Txosna ere irekiko dute orduan.
20:30. Xaibor disko festa.