Arrano Eguna topagune eguna izango da, beste behin
Arrano Eguna ospatuko dute zapatuan, Arranon. Denetariko ekintzak prestatu dituzte egunerako.
Ehunka herritarren topagunea da arrano, eta batzen dituen horren eguna ospatuko dute zapatuan, Gernikan. Arrano Egunean elkartuko dira hainbat herritar, eta egun horretarako egitarau zabala prestatu du Gernikako Arrano Kultur Elkarteak, eguerdian hasi eta gauera bitartekoa.
Pandemia aurretik hasi ziren eguna ospatzen, jaia urtero antolatzeko helburuagaz, baina pandemiako bi urteetan geldi egon ondoren —osasun egoerak baldintzatuta—, eguna antolatzeari ekin zioten 2022an. Eta, aurten ere, herritarrei antolatutako ekintzetan parte hartzeko deia egin diete.
Arrano herritar gehiagorengana zabaltzea da egunaren helburua, baita kultur elkartearen lanari ikusgarritasuna ematea eta komunitatea bultzatzea ere. Izan ere, herriko elkartea da Arrano Kultur Elkartea, kultur arloa eta euskal nazioaren identitatea babesten eta bultzatzen duten arloetan lan egiten duena, euskara, historia, memoria eta kultura sustatuz. Alegia, Gernikan eskaintza kulturala bultzatzea bilatzen dute.
Egitaraua.
Independentziaz hausnartzeko mahai inguruagaz ekingo diote egunari Arranon, eta mahai ingurua amaitutakoan, Erreten taldearen zuzeneko kontzertuaz gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Eguerdian, ohi legez, bazkarian elkartuko dira, baina bertso-paella bazkaria izango da aurtengoa, bi osagai horiek uztartuko baitituzte bertan.
Arratsaldean, argazki erraldoia aterako dute, eta Gotx Elektrotxarangagaz gorputzak mugitzeko aukera eskainiko dute. Gauean, berriz, dj-ak ariko dira.
Egitaraua
11:30. Zergatik indenpendentzia? mahai ingurua.
13:00. Marianitoak eta musika: Erreten taldea zuzenean ariko da.
15:00. Bertso paella.
17:55. Argazki erraldoia.
18:00. Gotx Elektrotxaranga.
22:00. Djak gauean. Eta pizza portzioak eskainiko dituzte iluntzean.