Zegama-Aizkorriko mendi lasterketetan "emaitza bikainak" lortu dituzte arrolapetarrek
X. Kilometro Bertikaleko lehiaketa irabazi zuten Alluitz de Bilbao kortezubitarrak eta Jone Oar Arteta gernikarrak nork bere kategorian; gazteen kategorian aritu zen lehenengoa, eta juniorretan bigarrena. Bestela ere, "maila bikaina" erakutsi zuten arrolapetarrak.
Zegama Aizkorri mendi lasterketak begirada ugari bereganatu ditu aurten ere, eta bertan izan dira Arrolape Mendi Taldeko ordezkariak, emaitza bikainak lortuz, bai erronka bertikalean, bai maratoian. Izan ere, Zegama-Aizkorriko X. Kilometro Bertikaleko lehiaketan garaileak izan ziren Alluitz de Bilbao kortezubitarra eta Jone Oar Arteta gernikarra, gazteen kategorian lehenengoa, eta juniorren mailan bigarrena.
Goierri aldean ospatzen den ekitaldi magiko hori bariku arratsaldean hasi zen, Zegama-Aizkorriko X. Kilometro Bertikalaren lehiaketagaz. Gaztetxoen Kilometro Bertikala Euskal Herriko Koparen bigarren proba puntuagarria izan zen, eta lau kilometro eta erditan 700 metroko desnibel positiboari aurre egin behar izan zioten. Hala, Bilbaok 47 minutu eta 42 segundoko denboragaz lortu zuen garaipena, eta Oar-Artetak, berriz, 49 minutu eta 44 segundoko denboragaz.
Aldi berean, nagusien Kilometro Bertikalean, hiru kilometrotan 1.015 metroko desnibel positiboari egin zioten aurre Jokin Zabala eta Ibon Bilbao Arrolapetarrek. Zegamatik atera ziren korrikalariak, bost minuturo, 15 edo 20 pertsonako taldeetan, eta 2,2 kilometroko zati neutralizatua egin ostean, hiru kilometroko zati kronometratuaren hasierara ailegatu ziren. 40 minutu eta 41 segundo eta 46 minutu eta 53 segundoko denbora egin zuten taldekideek, hurrenez hurren. Egindakoagaz “gustura” geratu dira biak ala biak. Berotu ederra hartu zutela adierazi dute, baina “asko maite duten” lasterketa dela azpimarratu. Hala, aurten egindako denborekin hurrengo urtean berriz ere dortsala izatea espero dute.
Maratoia.
Ohi legez, domekan lehiatu zuten Zegama-Aizkorri maratoia. Kilian Jornet eta Sylvia Nordskar nagusitu dira aurten, baina horiekaz batera atera ziren zenbait arrolapetar: Ekaitz Lejarzegi ajangiztarra, Aritz Martin arratzuarra eta Josu Orbañanos gernikarra. Aizkorri inguruetan barrena aritu ziren, 42 kilometroko bidea osatuz eta jendearen animoak jasoz.
Hala, Lejarzegik egindako lasterketa nabarmentzekoa izan zen, lau ordu eta 37 minutuko denbora eginez zeharkatu baitzuen helmuga lerroa. Martinek, berriz, bost ordutik beherako denbora egin zuen, eta Orbañanosek bost ordu pasatxo behar izan zituen lana amaitzeko. Zirkuitua lokatzez beteta egin arren, “gustura” aritu zirela azpimarratu dute.
Gazteei erreparatuta, Arrolapeko lau kidek parte hartu zuten Zegama Junior Trail lasterketan: Oar-Artetak, Mikel Oar-Artetak, Bilbaok eta Osertz Lauzirikak. Hamar kilometro eta erdiko eta 500 metroko desnibel positiboari aurre egin behar izan zioten korrikalariek, eta Jone Oar-Artetaren seigarren postua eta Bilbaoren zortzigarrena nabarmendu dituzte taldekideek: “Taldeko etrokizuna ondo bermatuta dagoela erakutsi zuten”.
Arrolapetarrek esan dute “emozioz beteriko” asteburua izan dela eurentzat, eta hurrengo urteetan ere bertatik ibilko direla aurreratu dute.