Gorpuztiak, ate joka
Maiatzaren 30a ta ekainaren 8a bitartean, ibarrangelutarrek Gorpuzti jaiak ospatuko dituzte.
Ibarrangeluko herritarrak jadanik ospakizun usaina hartzen hasiak daude: eguena [maiatzak 30] eta ekainaren 8a bitartean Gorpuzti jaiez gozatuko dute. Urtero-urtero letra larriz gorde ohi dituzte Ibarrangeluko jaiak egutegian, eta aurtengoak ere ez dira gutxiago izango. Udalak, herriko eragileekin elkarlanean, adin nahiz profil guztiei zuzendutako jai egitaraua atondu du, denetariko jarduerekin zein egitasmoaekin josia.
Eguenean, Gorpuzti egunean, ekingo diote ospakizunari. San Andres elizan urteroko-urteroko meza santua egingo dute 12:00etan eta, jarraian, herriko eragile entzutetsuenetako batek, gaiteroek eta pandero-jotzaileek, kaleak eta bazterrak musikaz girotuko dituzte, herriko jai nagusiak iritsi direla aldarri eginez. Barikuan [maiatzak 31], ospakizunak bere gailurretako bat harrapatuko du. Hain zuzen ere, epizentro nagusi bi edukiko ditu jaiak: batetik, Lagan, urtero legez, marinuen eta arrantzaleen bazkaria egingo dute. Ondoren, herrigunean, txupina botatzeko unea ailegatuko da. Urteak joan, urteak etorri, herritar, eragile edota kolektiboren bat arduratzen da txupinazoa egiteko ohoreaz; aurten, herriko umeen dantza taldea, Lorea izenekoa, izango da txupinazoa botako duena. Jai guztietan presentzia nabarmena eduki ohi du Loreak eta, horrenbestez, udaletik adierazi dute beraiei ere “badagokiela” txupina botatzea, “herriko talde esanguratsuenetako bat baita”.
Txupinazoaren tontorraren ondoren, trikitilariek kalejira egingo dute Elizaldeko bazterretan barrena, tabernarik taberna, plazako kontzertuei ekin orduko. Talde bik taularatuko dute beren musika barikuan: eskualdeko emakumez osatuta dagoen eta tartean partaide ibarrangelutar bat duen Kuter taldea igoko da lehendabizi oholtzara, 22:00etan; jarraian, Joxpa erromeriak lekukoa hartuko die.
Herri bazkari jendetsua.
Zapatuan [ekainak 1], umeentzako espazioa egokituko dute herriko pilotalekuan, jolasak ipiniko baitizkiete bertan. 13:00etan, urtero bezalaxe, Bermeoko Erraldoiak taldeak kalejira egingo du: “Frontoian hasita eta amaituta, txokoz txoko ibiliko dira buruhandien konpartsa, txistulariak eta gaiteroak”. 15:00etan berriro pilotalekura bueltatuta, herri bazkarian elkartuko dira ibarrangelutarrak. Beste behin, jarraipen handia izango du aurtengo bazkariak ere: “200 herritar inguru bilduko dira aurten ere frontoian, eta bazkalostea musikaz girotuko dute; pozarren gaude ibarrangelutarrek emandako erantzunagaz, jaiekiko atxikimendua eduki badutela sobera frogatzen baitu”.
19:00etan, Josepa Kale Kale fanfarriak edukiko du kaleak musika soinezko janzteko ardura, eta Koet DJak txandapasa egingo dio gauean, 23:00etan, plazan jai girorako musika ipiniko baitu. Domekan [ekainak 2], 10:00etan berrekingo diote ospatzeari, herriko txistulariek girotutako diana egingo baitute. Gainera, Lorea taldeak umeen euskal dantza ikuskizuna emango du eguerdian, eta 17:00etan umeentzako puzgarriak egongo dira frontoian. Horrez gain, hurrengo asteko zapatuan, ekainaren 8an, jai giroak etenik ez duela izango aurreratu dute, besteren artean, paella txapelketa edota esku pilota zein pala partiduak lehiatuko baitituzte.
LEHEN ASTEKO EGITARAUA
- Maiatzak 30, eguena, Gorpuzti eguna.
12:00etan. Meza Santua, San Andres elizan.
12:30ean. Ibarrangeluko gaiteroak eta pandero-jotzaileak, Elizalden. - Maiatzak 31, barikua.
10:30ean. Marinu eta arrantzaleen bazkaria, Lagan.
20:00etan. Txupinazoa.
Ondoren. Trikitilarien kalejira.
22:00etan. Kuter taldearen kontzertua.
23:00etan. Joxpa erromeriaren kontzertua. - Ekainak 1, zapatua.
11:30ean. Umeentzako jolasak, pilotalekuan.
13:00etan. Bermeoko Erraldoien kalejira.
15:00etan. Herri bazkaria, pilotalekuan.
Bazkalostean. Musika.
19:00etan. Josepa Kale Kale fanfarriaren kalejira.
23:00etan. Koet DJaren emanaldia. - Ekainak 2, domeka.
10:00etan. Diana, herriko txistulariekin.
11:00etan. Meza Nagusia.
Ostean. Lorea dantza taldearen ikuskizuna.
17:00etan. Umeentzako puzgarriak frontoian.