Iritsi da herriko kirolari onenak batzen dituen txapelketaren txanda
Pasealekuko txapelketetan izena emateko epea zabaldu dute, ekainaren 7ra arte.
2024ko udaren zain egon dira mundu guztiko kirolakiak. Udan goi-mailan egoteko prestakuntza zehatz-mehatza jarraitu ostean, iritsi zaie jendaurrean euren maila onena erakusteko unea. Goi mailako kirolariek, Pariseko Olinpiar Jokoetan, eta izarrek, ostera, Pasealekuan.
Mundu mailako plazarik zorrotzenean saskibaloian, futbolean edo esku pilotan jokatu nahi duenak irekita du izena emateko epea. Ekainaren 7ra arte apuntatu daiteke, eta bi modu daude. Alde batetik, Santanape polikiroldegian egin ahal izango da, ekainaren 6an 18:00etatik 20:00etara. Horrez gain, internet bidez egiteko aukera ere izango dute. Karteletan ageri den QR-a eskaneatuta irits daiteke bete beharreko galdetegira.
Saskibaloian eta futbolean 60 euro ordaindu beharko dira taldeko, eta esku pilotan 15 euro ordaindu beharko ditu bikote bakoitzak.
Gernika-Lumoko Udalak Gernika Erabil Futbol Sala, Gernika KESB eta Arkupe Klubarekin elkarlanean antolatutako txapelketen helburua da ume, gazte eta helduei futbolaz, saskibaloiaz eta pilotaz gozatzeko aukera eskaintzea.