Bermeoko mendialdea bisitatu dute berbalagunek
Gernikako Berbalagunek zapatuan (maiatzak 25) egin zuten maiatzeko mendi irteera, eta 42 lagun inguru ibili ziren Bermeo inguruetako mendi bide eta auzoetatik: Arane, Agirre, Almike eta Artika igaro zituzten.
“Paraje zoragarriak benetan, itsasoa gu zaintzen zebilela zirudien, eta guk ia ibilbide osoa bere ondoan egin genuen”, azaldu dute bertaratutako berbalagunek. Horietako batzuek, gainera, azalpenak eman zituzten inguruari buruz. Izan ere, Bermeo beti lotu izan da portuagaz, baina hori baino gehiago da, badago portuaz harago zabaltzen den Bermeo. Ezezagunagoa bada ere, “ederra” dela azaldu dute.
Hala, Lameratik udaletxera jo zuten, hiribildu zaharraren mugara ailegatuz; harresi zaharraren parte bat mantentzen dute hor, Erdi Aroan San Juan portaletik hiribildura sartzeko aukera eskaintzen zuena, hain zuzen ere. Talaia zeharkatu zuten gero, eta handik Bakio aldera doan errepidera egin zuten. Ze, duela gutxi, Talaiatik Aritzatxuko hondartzaraino doan ibilbidea konpondu zuten: “Ederra da kostaldeko bidezidor horrek eskaintzen duen ikuspegia, Kantauri itsasoa bere handitasunean”.
Arane auzora ere joan ziren gero, Burgoa eta Sollube arteko magalak zeharkatzen dituzten auzo bideetatik jarraitzeko. Bide horiek auzo bat bestearekin lotzen dute, eta herriko auzoak, baserriak, ermitak, basoak, ortuak, zelaiak, errekak… ezagutu zituzten horrela. Almika bisitatuta, Artika errekaren ondoan sortutako auzoa zeharkatu zuten, eta handik Bermeora jaitsi.
Ekainean izango dute ikasturte honetako azken mendi-irteera.