Autobus plataforma eraberritzeko obrak, abian
Autobus plataforma gaurkotzeko eta berritzeko obrak egiten ari dira Elantxoben, ekainaren 21a bitartean. Udalak eta aldundiak zenbait neurri hartu dituzte, herritarren mugikortasuna bermatzeko.
Elantxobeko Udaletik aditzera eman dutenaren arabera, Bizkaiko Foru Aldundiaren Azpiegitura sailak udalerriko autobus plataformaren eraberritze lanak abian ipini ditu. Ekainaren 21era arte luzatuko dira obrak eta horien jomuga nagusia, udal ordezkariek azaldu dutenez, plataforma gaurkotzea eta txukuntzea izango da. Herriak eta herritarrek Bizkaibus zerbitzu edukitzea ahalbidetzen duen plataforma gaur [maiatzak 28] atera dute bere kokalekutik, baina lekualdatze horren prestakuntza beharrak iragan astean hasi zituzten.
Patxi Egurrola alkateak adierazi du hurrengo asteetan plataforma bere tokitik aterata egongo dela, eta berrikuntza lanek atal bi edukiko dituztela: “Plataformak 25 urtetik gora ditu eta, horrenbestez, berrikuntza sakona eta integrala egin behar zaio, bere funtzionamendu egokia bermatuta egon dadin. Batetik, kanpoaldea txukundu egingo diote; bestetik, barrualdeko mekanismoak ere gainbegiratu eta egokitu egin behar zaizkio”. Gaur egun bitartean, sasoian sasoiko konponketa eta moldaketa txikiak egin izan dizkiote autobus plataformari, eta honako hau, beraz, “sakonagoa eta esanguratsuagoa” izango da.
Mugikortasunean aldaketak.
Obrek iraun artean, Elantxobeko herritarren mugikortasuna eta irisgarritasuna bermatzeko, zenbait neurri hartuko ditu udalak. Bizkaibusen ibilbideak ez dira aldatuko, baina elantxobetarrek Ibarrangelun hartu beharko dute autobusa. Hori horrela, udalak haraino eroango dituen anezka zerbitzua ipini du martxan: “Aldundiak ahalbidetutako zazpi tokiko edukieradun furgoneta bat Ibarrangelura joan-etorriak egiten ari da”.
Bestalde, autobus txikiek eta zabor bilketarako kamioiek edota bestelako ibilgailuek Bidekalean, obra eremura iritsi orduko, buelta eman ahalko dutela azaldu du alkateak. Barrutia eta Barrutialde zentroetako ikasleen egoera da, momentuz, konpontzeko dagoen alderdi bakarra: “Oraingoz, beraientzako zerbitzua ez dago lotuta eta, hortaz, gaur-gaurkoz udaletxeko eta herriko arraun elkarteko furgonetekin bermatzen ari gara haurrak zentrora heltzea. Goizez eta arratsaldez egiten ditugu joan-etorriak, beste neurriren bat iritsi bitartean”.