Josu Goikoetxea, Joseba Jaka bekaz: "Sari hau akuilu izango da liburua idazteko"
Josu Goikoetxeak jaso du Elkar Fundazioak bi urterik behin banatzen duen Joseba Jaka beka. Epaimahaikoen iritziz, ipuin soltez osatutako bildu bat definitzen erraza ez izan arren, laginean Goikoetxeak aurkezturiko ipuinen kalitatea nabarmendu dute.
Elkar Fundazioak Adunan duen egoitzan banatu dituzte 2024ko Elkar sariak, eta Joseba Jaka beka hartu du Josu Goikoetxea idazle gernika-lumotarrak. Saria jasotzean eskerrak eman ditu, eta esan du “beka akuilu” izango dela liburua idazteko.
Bi urtetik behin banatzen da Joseba Jaka beka, eta aurten, narratiba lan bat egiteko beka eman du fundazioak. 15 lan aurkeztu dira, eta Irati Majuelok, Itziar Ugartek eta Iban Zalduak osatutako epaimahaiak idazle gernikarra saritzea erabaki zuen, Goikoetxeak Hiltzailea eta beste ipuin batzuk lana plazara dezan.
Epaimahaikoen iritziz, ipuin soltez osatutako bildu bat definitzen erraza ez izan arren, laginean Goikoetxeak aurkezturiko ipuinen kalitatea nabarmendu dute, horietan originaltasuna, indarra eta iradokitzeko ahalmena aurki daitekeelako; lagunak gehiago irakurtzeko gogoa ere badakarrela azpimarratu dute.
Hala, 10.000 euroko saria jaso du idazleak, eta urte beteko epea izango du bere lana egiteko. Liburua, gero, Elkar argitaletxeak argitaratuko du.