EH Bilduren aldeko botoa "boto nazionala" dela esan dute Bermeon
Europako hauteskundeetarako kanpainaren lehen asteburuan, EH Bilduk Bermeon egin du ekitaldi politikoa. Koalizio subiranistaren aldeko botoak "balio erantsia" duela nabarmendu dute.
Ekainaren 9ko Europako hauteskundeetarako kanpainaren lehen asteburuan, ekitaldi ugari egin zituzten alderdiek, eta EH Bilduren Bizkaiko ekitaldiaren epizentroa izan zen Bermeo atzo (maiatzak 26). Bertan, koalizio subiranistako ordezkariek botoa ematera joatera deitu zituzten herritarrak, eta boto hori EH Bilduren aldekoa izatea eskatu zuen Mertxe Aizpurua koalizio subiranistako Kongresuko bozeramaileak: “EH Bildurena boto nazionala da, gure herriko zazpi herrialdeak ordezkatzen dituena”.
Ezker subiranista indartzen jarraitzearen garrantziaz aritu zen Aizpurua, hau da, “euskal hizkuntza, kultura eta eskubide nazionalak Europoan defendatzeaz”. Gainera, nabarmendu zuen faxismoari bidea zarratzeko “berme onena” dela EH Bildu.
Senatuko bozeramailea den Gorka Elejabarrietak ere hartu zuen hitza Bermeon. Eurena “independentisten, sindikalisten, feministen eta gazteen etxea” dela adierazi zuen: “Batu eta biderkatzen duen ezkerra da da gurea. Ekainaren 9an berriro erakutsiko dugu, autoritarismoaren eta austeritatearen aurrean ahotsa altxatuz”.
Biek ala biek EH Bilduren botoak “balio erantsia” duela esan zuten: “Boto paper nazionala da, herri honetako zazpi herrialdeak ordezkatzen dituena; paper antifaxista da, eskubideak murriztu eta erreakzio bideak zabaltzeko asmoa dutenak geldituko dituena. Gernikako seme-alaba bezala aldarrikatzen gaituen papera da, beraz, bakearen eta gerraren aurkako botoa Eta boto katalana, galegoa eta euskalduna da, jakina, errepublikazalea”.
Idurre Bideguren EH Bilduren senatari bermeotarrak esan zuen hauteskundez hauteskunde “indartsuagoak” direla, eta ekainaren 9an ere bultzada hori behar dutela: “Guk ez baditugu gure herriaren eskubide nazionalak Europan eta nazioartean defendatzen, ez du beste inork egingo”.