Tokiko ekoizleen plazetako bat, sendotzeko asmoagaz
Datorren zapatuan [maiatzak 25], Eako Udalak lagunduta, Bertoko Azoka egingo dute eskualdeko ekoizle eta laborariek Eako Donibane plazan. 11:00etatik 14:00etara bitartean, tokiko produktuak dastatzeko eta erosteko aukera paregabea egongo da, musikaz girotuta; 13:30ean, gainera, gibel pintxoak banatuko dituztela aurreratu dute antolatzaileek. Ondorengo parte hartzaileak egongo dira azokan: Santana esne eta esnekiak, Bedarokela (12:00etatik aurrera), Aurreko barazkiak, Idegorriondo barazkiak, Lurbai barazkiak, Oraska ogiak, Gaulora artisautza eta Aberaska eztia; azken horrek, hain zuzen ere, dastaketa egingo du 13:00etan.
Antolakuntzan diharduen Bertoko Azokaren talde eragiletik herritarrei bertaratzeko deialdia luzatu diete, azokaren jomuga nagusiak nabarmenduz: “Bertoko nekazaritza sustatu gura dugu, eta ekoizleei beraien produktuak ezagutzera emateko aukera ahalbideratu, zubi lana eginez. Horrez gain, herritarren eta ekoizleen arteko hartu-emana urte osoan bermatu nahi dugu, azoka herritarren topagune izan dadin. Harreman hori urtez urte geroz eta sendoagoa, sarriago eta bertokoagoa eman asmoz, aurten berritasunak edukiko ditugu: uda sasoian, uztaila eta urria bitartean, zapatu-domeka guztietan edukiko dugu Bertoko Azoka Txikia, Eako pilotaleku parean”.