Reggae musikaz gozatzeko hitzordua
XII. Rudelari Egunean elkartuko dira rudelariak zapatuan (maiatzak 25), Gernika-Lumon. Aurten, ez dira bazkaltzeko elkartuko, 18:00etan abiatuko baitute eguna, baina musika eskaintza zabalaz gozatzeko aukera egongo da herrigunean zein Astran.
Rudelari Eguna beti izan da reggae eszenako eragile eta lagunen topalekua, erreferentziazko hitzordua, sareak sortzeko eta ehuntzeko momentua. Euren komunitate txikia aktibatzen duen eguna da, urte luzeko harreman sareak sortarazi dituena eta proiektu askoren jatorria ere izan dena.
Hala, rude izaera mantentzeko eta elkargunea izaten jarraitzeko asmoz, aurten ere elkartuko dira euren egunean rudelariak. Izan ere, XII. Rudelari Eguna ospatuko dute zapatuan (maiatzak 25). “Topagune eguna da guretzako, gernikarra ez den jendea ere etortzen delako. Urte askotan horrelako jaietan bat egiten dugu, eta denak berriro elkartzeko balio du. Ze, musika honen inguruan antolatzen diren jaiak badira, baina ez horrenbeste”, azaldu dute Gerniska Rudelari Taldeko kideek.
Aurten, ohi baino laburragoa izango da eguna, ez baitute bazkaririk egingo Astran, hamabi urtetan lehenengoz. Nekearen ondorioz hartu dute erabakia, “oso nekatuta eta erreta” amaitzen dutelako batzuetan Rudelari Eguna, ondo pasatzea jaiaren oinarria izanda ere. Ondorioz, indarrak neurtuko dituzte aurten, ez dutelako eguna bera galdu nahi: “Eguna ospatzeko gogoa dugu, baina hausnarketa bat egin genuen, diagnostiko bat atera, eta horren arabera hartu dugu erabakia, ze helburua guk ondo pasatzea da, dantza egitea, eta ez hasarre egotea”.
Hala ere, kalitate bera mantenduko du jaiak. Bazkaria ez dute Astean egingo, baina egunak bere esentzia mantentzen segituko du. “Ez dugu bazkaria Astran egingo, baina gure artean batuko gara, beste nonbaiten bazkaltzeko”. Baina bazkariaz gain, ohiko egitarauko beste ekimen garrantzitsuek bere horretan jarraitzen dute.
Izan ere, aurreko edizioetan egin modura, jaialdia Astratik atera eta herrira eroan gura dute oraingoan ere. Ondorioz, ska eta reggae musikaz gozatzeko aukera zabala eta anitza edukiko dute herritarrek, bai udalerriko kaleetan, bai tabernetan, bai Astran. “Musika mota hau udalerrira gerturatzeko eta herrian entzuten dela ziurtatzeko abiatu genuen Rudelari Eguna. Rocka edota punka presente daude udalerrian, eta asko gustatzen zaizkigu, baina gure musika falta zela uste genuen, eta hori kalera zabaltzeko eta jendeak entzuteko apustuagaz jarraitzen dugu oraindik”, azaldu dute antolatzaileek. Hala, 18:00etan hasiko dute egitaraua Arranon. Bertan reggae musika jarriko dute, “motorrak berotzeko”, eta Aterpera joango dira gero, zuzeneko musikaz gozatzera.
Tokiko taldeen aldeko apustua.
Urtero egiten duten euskal taldeen aldeko apustua berretsiko dute aurten, izan ere, talde bat salbu, denak dira Euskal Herrikoak. Bilboko Bagaboos taldeak euren lehenengo kontzertua eskainiko du Aterpen, doan, 20:00etan. Euren lehen kontzertua izango den arren, ez dira hasi berriak. “Beste talde batzuetan aritu dira, eta orain, talde berri bat sortu dute”, azaldu duta antolatzaileek.
Gero, Astrara joango dira rudelariak, 22:00etatik aurrera Amaika Rude Sound taldeagaz eta Bandits taldeagaz gozatzera. Lehenengoek ska musika egiten dute, jazz ikutuekin, haizezko instrumentuekin edota organoagaz lortzen baitute hori. “Iazko Jazzaldian egon ziren, eta musikari oso onak dira”.
Badits, berriz, aurtengo Rudelari Eguneko talde indartsuena izango da. Rudelariak beti saiatzen dira talde onak udalerrira gerturatzen, eta oraingoan, Castelloko horiek bertaratuko dira. Disko berria kaleratuko dute aurten, eta Gerniska taldekoek jakinarazi dutenez, hori argitaratu ez duten arren, badakite kantu berri batzuk eskainiko dituztela Astran. “Azken urteetan album berria prestatzen aritu dira, eta Fermin Muguruzagaz ere kantu batzuk atera dituzte. Gainera, Jamaikako artista askorekin ere lan egin dute. Sekulako maila dute”, azaldu dute.
Kontzertuek iraun bitartean, Gerniska Rudelari Taldekoek eurek egindako pintxoak eskainiko dituzte Astran, aurten lehenengoz. Dirua lortzeko egingo dute: “Pentsatu genuen aukera polita zela pintxoak eskaintzea, kontzertuetara bertaratzen den jendeari aukera hori eskaintzeko”. Hain zuzen ere, Gernika-Lumoko beste taldeekin duten harremanari esker otu zitzaien ideia. “Sare baten parte gara, eta Astra Txikikoek eman digute ideia”, azaldu dute.
Eguna biribiltzeko, Zeppera joango dira, Pantx Kolektiboko Irene Suarezek jarriko duen musikagaz gozatzera.
Hala, herritarrei zein inguruetako herrietako bizilagunei bertaratzeko deia egin diete, musika eskaintza zabalaz gozatzeko: “Bada reggea musikaren inguruko jaia, baina rock&blues musika ere entzungo da, baita ska edota latin ska musika ere. Esaterako, Bagaboosekoek euskal kantak egokituko dituzte reggae doinuetara. Beraz, ez da eskaintza itxia izango”.
Astrako kontzertuetarako sarrerak egunean bertan eskuratu ahalko dira leihatilan: “Ez da arazorik egongo, lekua egongo da. edukiera muga nahiko handia delako. Etorri ondo pasatzera”.