Gaurko eta biharko pentsio publiko eta duinen alde
Gernika-Lumoko Batzaretxean izan dira Busturialdeko Pentsionistak. EH Bilduk eta Talde Mixtoak mozioa aurkeztu dute.
Bizkaiko Batzar Nagusien ohiko batzarra ospatu dute gaurkoan, Gernika-Lumon. Bertan izan dira Busturialdeko Pentsiodunak, eta urteetan egiten dabiltzan aldarrikapenak helarazi dizkiete politikoei. EH Bilduk gonbidatuta sartu dira Gernika-Lumoko Batzaretxera, izan ere, EH Bilduk eta Talde Mixtoak 1080 euroko 14 ordainketetako pentsioen aldeko mozioa aurkeztu du. Mozio horrek Bizkaiko Juntei eskatzen zien Eusko Jaurlaritzari 1080 euroko pentsioak ezartzea eskatzea. Mozioa, baina, ez da onartu gainontzeko alderdiek kontra bozkatu dutelako.
Kontrako bozketaren arrazoimenari dagokionez, alderdi jeltzaleak defendatu du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako pentsioak “altuenak” direla, eta “Europako batez-bestekoen antzerakoak” direla diote. Ziortza Alvarez jeltzalearen esanetan, Eusko Jaurlaritzako 2024ko aurrekontuen arabera, 382 milioi euro bideratuko dira “behar bezala babestuta ez dauden pentsionistengana”.
Sozialisten ustetan, pentsioen igoera pentsio sistemaren baitan joan behar da, eta ez era independiente batean. 2018tik hona, Araba,Bizkaia eta Giopuzkoako pentsioak igo egin direla defendatu dute, eta ia 300.000 pertsonek 1.562 euro kobratzen dituztela aldarrikatu dute.
Alderdi Popularrak azaldu du “ekonomikoki ezinezkoa” den zerbait eskatzen dutela pentsiodunek. Hala ere, “errealitatean” Diru sarrerak Bermatzeko Errentan aldaketa bat eskatzen dabiltza uste dute, eta horrekin bat datozela diote.
Pentsionisten aldarrikapenak.
“Pentsio sistema publikoen aurkako etengabeko erasoei buruzko diagnostikoa partekatzea” eskatzen dute Euskal Herriko Pentsionistek. Egungo testuinguru sozial, ekonomiko eta politikoaren baitan, “garrantzizkoa ikusten dute “europa mailan erantzun partekatua ematea soldaten, pentsioen eta bizi eta lan baldintzen aurkako etengabeko erasoei”.
Eskaera horiek aldarrikatu dituzte gaurkoan Busturialdeko Pentsiodunek eta elkarretaratzea egin dute Batzaretxearen aurrean, barrura sartu orduko. “Gaurko eta biharko pentsio publiko eta duinak” eskatzen dituen pankarta atera dute.