Elantxoben egingo dute Busturialdeko V. Txistularien Eguna
Hilerritik portura arteko kalejira egingo dute eskualdeko txistulariek lehenik domekako [maiatzak 26] egun berezian, eta ondoren talde bazkaria.
Datorren domekan [maiatzak 26], Busturialdeko V. Txistularien Eguna ospatuko dute. Ospakizun hori jaio zenez geroztik, urtero-urtero eskualdeko udalerri bat arduratzen da hura hartzeaz, eta bosgarren ekitaldian Elantxoberen txanda izango da. Txistuaren inguruko kultura lagunarteko giroan sustatzea da egun berezi horren jomuga nagusia, batez ere, gaztetxoenen artean. Izan ere, antolatzaileek azaldu dutenaren arabera, txistularitza adinean “zahar” geratu ez dadin, “baliagarria” da urtean behin eskualdeko adin denetako txistulariak elkartuko dituen egun bat proposatzea: “Gazteenen saretzea eta hartu-emana bultzatzea bilatu ohi dugu urtero, eurak baitira alor honen etorkizuna”.
Aurten, kalejiran 62 lagun bilduko direla adierazi dute; eguerdian Ogoñopen egingo duten talde bazkarian, ordea, 40 inguru egongo dira. 10:45ean ekingo diote egitarauari, Elantxobeko hilerriaren aldameneko plazatxoan: “Herri oso aldapatsua den aldetik, goitik beherako ibilbidea egitea adostu dugu, errazagoa baita modu horretan; beraz, hilerritik portura arteko bidea egingo dugu, 11:00etan hasita”. Elantxobeko bazter eta txoko guztiak txistuz alaitu ondoren, bazkaritarako elkartuko dira berriro, 15:00ak aldera.
Hurrengoa, Sukarrietan.
Aurtengo ekitaldia orduko, urtero apirilean egin izan dute Busturialdeko Txistularien Eguna. Aurten, hauteskundeak tarteko, data aldatu behar izan dute. Hurrengo urtero begira, apirilera bueltatzea aurreikusten dute. Horrez gain, iragarri dute VI. aldia Sukarrietak hartuko duela.