Itziar Ariztimuño, beste urtebetez Gernikagaz
Itziar Ariztimuño bilbotarrak Lointek Gernika Bizkaia saskibaloi taldeko erreferentziazko jokalari izaten jarraituko du 2024/2025 denboraldian. Jokalariaren eta klubaren arteko hitzarmena berrituta, joko antolatzailea bederatzigarren sasoiz ariko da talde gernika-lumotarrean. Amaitu berri den denboraldian, Ariztimuñok 4,6 puntu, 2,7 errebote eta 2,3 asistentzia lortu ditu Emakumezkoen Endesa Ligan.
Itziar Ariztimuño: “Gernika-Lumo eta Maloste nire etxea dira”
Kapitain bilbotarrak, besteren artean urruneko jaurtiketetan egin duen ageriko hobekuntzagaz, beste aurrerapauso bat eman nahi du bere ibilbidean. Hori horrela, bera da taldeak hurrengo denboraldirako konfirmatu duen lehendabiziko jokalaria. Ariztimuño “oso pozik” azaldu da hitzarmen luzapenagatik eta bere jarraipenagatik: “Gernika-Lumo eta Maloste nire etxea dira, eta ilusio handia dut datorren sasoiko proiektuari begira. Helburua jokalari oso garrantzitsua izatea da, kantxa barruan zein kanpoan”.