Eneko Aburruza bermeotarra da Europako jiu jitsu txapelduna
Lortutako emaitzagaz pozarren dago bermeotarra, eta orain, abuztuaren amaieran Las Vegasen jokatuko duten munduko txapelketara begira dago. Irabazteko zer hobetu behar duen badaki, Aburruzaren asmoa mundu mailako lehia irabaztea delako.
Eneko Aburruzak urrezko domina poltsikoratu du Bartzelonan ospatutako Europako Jiu Jitsu Txapelketan. Bermeotarrak gerriko marroiagaz lehiatu du 64 kilokoen master 1 kategorian, 30-35 urte bitartekoen mailan. Europako jiu jitsu borrokalaririk puntakoenekin batera aritu da, eta lehiatutako bi borrokak irabazi behar izan ditu domina eskuratzeko.
Lortutako emaitzagaz pozarren dago bermeotarra, baina “ezustekoa” izan dela dio, Europa mailako txapelketara bera “zein mailatan dagoen” ikustera joan baita. “Urrea lortzea pozgarria da niretzako, maila onean nagoela erakusten duelako. Ezustekoa izan da, baina gauzak ondo egiten ari naizen seinalea ere bada”, onartu du borrokalariak. Hala ere, hobetu beharreko aspektuak ere identifikatu ditu, bere aurtengo erronka nagusietako bat munduko txapelketan aritzea delako.
Ez dauka, gainera, erronka errazik, munduko txapelketa irabazi gura duelako. Eta, bide horretan, beragaz batera ariko da bere bikotea, Maddi Heaney borrokalaria: “Mundu txapelketara begira gaude biok, eta biok dugu erronka bera: lehiaketa irabaztea. Biok aritu gara Europa mailako txapelketan, eta berak bi zilarrezko domina lortu ditu. Bi bigarren postu horiek nire urreak baino gehiago balio dute, berak sei borroka irabazi dituelako”.
Orain, abuztuaren amaieran Las Vegasera joateko prestatzen ari dira, mundu mailako borrokalaririk onenak egongo baitira han. Guzti horiei irabazteko, zertan hobetu behar duen ere badaki Aburruzak, eta “aktiboago” mantentzean jarri du arreta: “Azken txinparta falta zait, aktiboago egotea, eta horretarako aspektu fisikoa hobetu behar dut. Falta dut entrenatzaile bat nirekin, zertan hobetu, zer landu edota gogor entrenatzeko esateko. Kiroldegi bat zabaldu berri dut, eta irakasle lanetan buru-belarri nabil, nire ikasleei laguntzen. Baina beno, alda dezakedan aspektua da, ze nire buruari geihago eska diezaioket”.
Hain zuzen ere, hurrengo bi hilabeteetan hori aldatzen ahaleginduko dela dio, “gogor entrenatzen”. Izan ere, uste du garaipenera begira entrenatu behar dutela: “Ondo legoke munduko txapelketan podiuma lortzea, baina irabazteko entrenatu behar da, horretan sinisteko; podiuma lortzeko bakarrik entrenatuz gero, ez dugu garaipena eskuratuko, eya hori lor dezakegula uste dut”.
Bitartean, entrenamenduekin uztartuko du jiu jitsu kirola ezagutarazteko lana, ze hori irakasteko kiroldegia zabaldu du. “Bermeon azaroan zabaldu genuen kiroldegia, eta jendeak bikain erantzun du, pentsatzen genuena baino herritar gehiago hurreratu direlako. egon zen zabaltzeko. Ikusi dugu jendeak gogoa daukala kirol hau praktikatzeko eta ikasteko. Gure helburua ere bada kirol hau ezagutaraztea. Erakutsi gura izan dugu ez dela zetan hiri handi batera joan behar mundu mailako txapelketetan parte hartzeko. Entrenatu nahi duen jendea aurkitu eta elkartzea da garrantzitsuena. Gogor entrenatzea da garrantzitsua, ez dago beste sekreturik”.