Bueltan dira Gernika-Lumoko Azoka Bereziak
Ekainaren 1an ospatuko da Idiziabal gazta eta inguruko txakolina ardatz dituen lehenengo Azoka Berezia.
Gernika-Lumoko Udalak Azoka Berezien aldeko apustua egingo du beste urte batez. Ekainetik abendura arteko hilabete bakoitzeko lehenengo zapatuetan ospatuko dira azokak Gernika-Lumoko Merkatu Plazan, eta ate joka dago lehenengoa. Ekainaren 1an ospatuko da estreinako azoka, eta Idiazabal gazta eta txakolina izango ditu ardatz. Hori dela eta, azoka “berezi eta tradizionaletan” parte hartzeko izena emateko epea ireki du udalak.
Udaletik azaldu dutenez, euren webgunean eskuragarri dagoen dokumentazioa entregatu beharko dute postua jarri nahi dutenek, eta dagoeneko epea zabalik dagoela argitu dute. Dokumentazioa udalera helarazteko bi modu daude: alde batetik, Gernika-Lumoko udaletxearen helbidera bidali ahalko da posta bidez; bestela, modu telematikoan egiteko aukera dute. Zalantzarik izanez gero, gainera, haz@gernika-lumo.eus helbide elektronikora idazteko azaldu dute.
Ekainaren lehenengo eguneko azokak 09:00etan irekiko ditu ateak, eta 14:30eak arte egongo dira zabalik postuak. Bertaratuek saltzaileen gaztarekin egindako pintxoak dastatu eta eskualdeko txakolina edateko aukera izango dute. Gainera, inguruko baserritarrek fruta eta barazki mota desberdinak salduko dituztela azaldu dute.
Herritar eta inguruko guztiek azoka giroaz goza dezaten, antolatzaileek eskulagintzako txokoa prestatuko dute; umeen jolasgunea egongo da Merkatu Plazan.