Rolak aldatu dituzte Euskadiko Trainerilla Txapelketan
Zilarrezko domina lortu du Euskadiko Trainerilla Txapelketan Bermeok. Emakumezko kadeteetan, bosgarren geratu da Mundaka, eta gizonezkoetan, Elantxobek hamaikarren postuan bukatu du.
Bermeo eta Zierbena. Zierbena eta Bermeo. Elkarren ondoan eta garaipenaren borrokan ibili dira Bizkaiko Trainerilla Txapelketako probetan puntako trainerilla biak. Lehia estuan ibili izan arren, bermeotarrak nagusitu dira proba haietan. Euskadiko Txapelketan, baina, postuak aldatu dituzte. Zierbenak lortu du bandera, eta Bermeo zilarrezko dominarekin geratu da.
17.06,56ko denboran egin zituzten 3500 metroak zierbenarrek, bermeotarrek baino 15 segundo arinago. Hirugarren postuan, etxeko uretan lehiatu zuten ondarrutarrak sailkatu ziren.
Gizonezkoen gazte mailan garesti egon zen garaipena. Ondarrutaren eta Itsasoko Amaren arteko lehia estuaren ostean, ondarrutarren elkartera egin zuen Euskadiko Txapelketako banderak; 15.46,16 ko denbora markatu zuten, bigarrenek baino ia lau segundo gutxiago. Isuntzakoak ere ureratu zuten euren trainerilla gazteen mailan, baina ez zuten zorte onik izan: deskalifikatuak izan ziren.
Emakumezkoetan, Isuntza izan zen Lea-Artibaiko ordezkari bakarra. Lekeitiarrak laugarren postuan helmugaratu ziren, Pasai Donibane irabazlea baino 41 segundo beranduago helduta.
Garaipena, estu.
Emakumezko kadeteetan, etxean lehiatzearen abantaila ezin hobeto baliatu zuten ondarrutarrek. Berdintasuna izan zen nagusi estropada horretan, izan ere, lehenengo bost sailkatuen artean zazpi segundoko aldea baino ez zen izan. 08.53,06an gelditu zuten denbora ondarrutarrek, eta Zarautzen ostean, Mutriku Arraun Taldekoek osatu zuten podiuma, 08.56,50ko denboragaz. Bosgarrenak izan ziren Mundakako Arraun Taldekoak, eta bederatzigarrenak Isuntzakoak.
Gizonezkoetan, Itsasoko Ama izendatu zen txapeldun, eta bosgarren denbora onena lortu zuten Isuntzako arraunlariek. Elantxobetarrak, lehenengo postuetatik urrun, hamaikagarren postuan geratu ziren.